INFO

Save the Childrenek artatutako lau familiatatik batek lana galdu du

Save the Childrenek EAEn egindako inkestan parte hartu duten familien erdiak zailtasunak izan ditu pandemian hipoteka edo alokairua ordaintzeko. Elkarteak gizarte babeseko laguntzak eskuratzeko izapideak bizkortu eta hobetzeko eskatu du, krisiari eraginkortasunez erantzuteko.

Barakaldoko Andonerena da Save the Childreni testigantza eman dion familietako bat. (SAVE THE CHILDREN)

Covid-19a gurera iritsi zenetik urtebetera, Save the Childrenek pobrezia areagotu egin dela azpimarratu du: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, bere programetan artatzen dituen lau familiatatik batek enplegua galdu du pandemiagatik.

Erakundeak ‘Covid-19aren urteurrena: zer diote familiek?’ txostena argitaratu du estatu mailan, hainbat autonomia erkidegotan artatzen dituen familia zaurgarrien artetik 1.290 familiari elkarrizketa egin ondotik. EAEren kasuan, Barakaldo, Bilbo eta Gasteizko 141 familiak eman dizkie datuak.

‘La ola invisible’ (olatu ikusezina) kanpaina kaleratzearekin batera argitaratu ditu inkestaren emaitzak. Eta pandemiaren aurretik ere pobrezian bizi ziren familiengan krisi ekonomikoak eta gizarte-krisiak izan dituzten eraginak agerian jarri ditu. Horrez gain, estatuko talde politiko eta erakundeei dokumentu bat bidali die, ‘Gainditu dezagun erabat ohiko bihurtu den haurren pobrezia’. Bertan, pandemiaren ondorioei heltzeko beharrezkoak jotzen dituen proposamen politikoak biltzen dira, eta zenbait bide azaltzen dira gaur egun lantzen ari diren berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia planekin doitzeko.

Bat-batean desagertu dira hainbat lan

Ikerketaren emaitza nagusietako bat da pandemiak bat-batean desagerrarazi dituela zenbait lan, aldi baterako nahiz modu iraunkorrean. Erakundeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan artatzen dituen gurasoen %26,2k lana galdu dute; artatutako familien %19,1ean, pertsona heldu batek edo gehiagok galdu dute lana modu iraunkorrean, eta familien % 7,1ean, heldu batek edo gehiagok aldi baterako galdu dute lana.

Enplegua galtzeak nabarmen murriztu ditu familia-errentak, eta krisiaren aurretik ere mugatuak ziren jada errenta horiek. Ondorioz, Save the Childrenek artatzen dituen bi familiatatik batek zailtasunak izan ditu hipotekari edo alokairuari aurre egiteko, eta 10 familiatatik ia 7k arazoak izan ditu argindarra, berokuntza edo ura ordaintzeko.

Ezin haragia edo arraina behar adina jan

Familia horietako askotan, ezin dute haragia, arraina edo baliokideren bat jan, bi egunean behin gutxienez, nahiz eta gomendio hori egiten duen Osasunaren Mundu Erakundeak. Familien % 22,7k astean behin edo bitan baino ezin ditu jan haragia, arraina edo horien baliokideak.

Familia askorentzat, Andoneren familiarentzat, esaterako, funtsezkoa da oinarrizko horniduren eta elikaduraren ordainketa: «Berogailuari dagokionez, egia da hotz handia egin duen egun horietan zeure buruari ‘piztu edo ez piztu’ planteatu behar diozula  (…) Argindar faktura ordaintzen badut, zer utziko dut albora? Alabak utziko ditut janik gabe?».

Save the Childrenek ohartarazi du haur horien dieta elikagai-bankuetatik eta beste erakunde batzuetatik jasotzen duten janariaren mende dagoela askotan. Eskoletako jantokiak baliabide garrantzitsuak dira, familiek diotenez, beren seme-alabek asteko haragia, arraina edo baliokideak jaten dituztela bermatzeko.