INFO

62 migratzailek egin dute lo asteazken gauean Irun eta Hondarribiko aterpetxeetan

Guztira 62 migratzailek eman dute gaua Irun eta Hondarribiako aterpetxeetan. Gehienak Malikoak dira, ia denak gizonak, eta urtarrilean eta otsailean Kanariar Uharteetara iritsi ondotik, Irunen daude orain, Estatu frantseseko muga pasatzeko zain.

Hondarribiko alkateak eta EAEko Gurutze Gorriko Migrazio arduradunak Jostaldi pilotalekuan bertan eman dituzte azalpenak. (HONDARRIBIKO UDALA)

Asteazken gauean 62 migratzailek egin dute lo Irun eta Hondarribiako aterpetxeetan. Gehienak Malikoak dira, bederatzi emakumeak eta ez dago adin txikikorik, Lakuako Gobernuak jakinarazi duenez. Europako bertze herrialde batzuetara iristea dute helburu eta Irunen daude, muga zeharkatzeko Polizia frantsesak kontrolak noiz arinduko zain.

62 lagun horietatik 29k Gurutze Gorriaren Irungo Hilanderas kaleko aterpetxean eman dute gaua eta bertze 21ek hiri honetako erromesen aterpean. Bertze 12k Hondarribiko aterpean egin dute lo. Denek jaso dute bazkaria eta afaria.

Iturri berdinek azaldu dutenez, astearte gauean 75 migratzaile hartu zituzten baliabide berdinetan; astelehenean 104, igandean 98 eta larunbatean 106.

Hondarribiko Udalak pilotalekua egokitu du

Hondarribiko Udalak, bestalde, Jostaldi pilotalekua egokitu eta eskaini du migratzaileei harrera egiteko. Iragan ostiraletik ohi baino etorkin gehiago iristen ari dira Bidasoa eskualdera eta «ezohiko baliabide gisa» moldatzen ari dira frontoia.

Txomin Sagarzazu alkateak eta Naia Diaz de Corcuera EAEko Gurutze Gorriko Migrazio arduradunak eman dute horren berri tokian bertan.

«Ostiraletik hainbat bilera egin ditugu Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariarekin, eta Jaurlaritzak ‘kontingentzia plana’ aktibatu ondoren, Hondarribiak nolabait lagundu ote zezakeen galdetu ziguten. Udalak ez du zalantzarik izan aurrerapauso bat eman eta Jostaldi pilotalekua eskaintzeko. Gaur bertan prozesu osoa martxan jarri da eta instalazioa prestatzen ari gara korrika eta presaka», adierazi du Sagarzazuk.

«Argi utzi nahi dut Udala elkarlanean ari dela, eta lidergoa Eusko Jaurlaritzak daramala. Guk, gure aukeren barruan, instalazio hori lagatzen eta egokitzen dugu. Irisgarritasun aldetik egokia da, ondo kokatuta dago eta 94 ohe eskaintzen ditu, batetik bestera ezinbesteko bi metroko distantziarekin, noski. Lankidetza hori aurrera eramatea nahi dugu, eta egoera zail honetan dauden migratzaileei zerbitzu on bat eskaintzea», gaineratu du.

Corcuerak eskerrak eman dizkio «Hondarribiko Udalari bere konpromiso argiagatik. Zenbat migratzaile etorriko diren jakitea zaila da, egia da asteburuetan jende gehiago dagoela, eta, horregatik, dena prest izan nahi dugu ahalik eta arreta osoena eskaini ahal izateko», erran du.