INFO

24. kurtsoa amaituta, beste 13 artzaini diploma eman die Artzain Eskolak

Bere etorkizuna ahuntz eta ardi sektorean garatzea erabaki dute beste 13 ikasleri diplomak eman dizkiete Artzain Eskolan, 24. ikasturtearen amaiera ekitaldian.

Artzain Eskolako 13 diplomatu berriak, ikasturte amaierako ekitaldian. (NAIZ)

Artzainak prestatzeko hogeita laugarren kurtsoaren amaiera ekitaldia egin dute ostiral honetan Arantzazuko Artzain Eskolan (Oñati), aurten ikasketak amaitu dituzten diplomak eta makilak emanez, kurtso amaieran egin ohi duten eran.

Aurtengo 13 diplomadunen artean 10 gizon eta 3 emakume daude. Artzain Eskolak duen erronketako bat da emakumeak ardien sektoreko prestakuntzara erakartzea, zaila baita. Eskolaren ibilbide osoan, emakumeen presentzia, gizonezkoenaren aldean, ez da laurdenera iristen.

Ekitaldian Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek azpimarratu duenez, «emakumearen presentzia sektorean erraztu eta sustatu behar dugu».

Honetarako lehen urratsa, Orozen esanetan, «sektoreko emakumeak bisibilizatu behar ditugu, artzai moduan edo eta gaztagile moduan».

Orotara, 24 urteko ibilbidearen ondoren, eskolak 297 artzain prestatu ditu, eta erdiek baino gehiagok artalde propioa dute gaur egun. 

Adinari dagokionez, ostiral honetan Arantzazun diplomatu diren ikasle gehienak 41 urtetik beherako gazteak dira; datu horrek berriro bermatzen du sektoreko belaunaldi erreleboa. Eskolatik igaro diren ikasle guztietatik %21 20 urtetik beherakoak ziren; %51, 21 eta 30 urte bitarteko gazteak; %23, 31 eta 41 urte artekoak; eta %5 baino ez 41 urtetik gorakoak.

Ikasleen jatorriari dagokionez, aipatu 13etatik 5 Bizkaikoak dira, 4 Gipuzkoakoak eta beste 4 pertsona beste erkidego batzuetatik hurbildu dira Arantzazuko eskolara.

Pandemiaren eraginez indarrean dauden edukiera mugen ondorioz, aurtengo diplomadun berriez gain ordezkari instituzionalak baino ez dira egon ekitaldian, tartean Oroz sailburuordea, Oñatiko alkate Izaro Elorza, Gipuzkoako Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari Xabier Arruti, Gipuzkoako Mendietako eta Natura inguruneko zuzendari Arantxa Ariztimuño, HAZIko zuzendari Peli Manterola eta Artzain Eskolako zuzendari Batis Otaegi.