Albisuk patxada berreskuratu duen bitartean Ezkurdiak lehiakortasuna galdu du (7-22)
Partida hasiera ero batean ataundarra izan da oreka mantendu duen bakarra eta Arbizukoa erabat irten da partidatik 7-4ekoan epaileek Peñak bigarren botean nabarmen eramandako pilota bat ontzat eman dutenean.
Gora-behera handiko Binakao honetan kontrastez beteriko beste partida bat ikusi dugu Labriten, goi mailako lehiaketan buruak zenbait jokatzen duen enegarren erakustaldian. Aurreko astebukaeran jipoi handi xamarrak hartzetik zetozen bi bikote genituen aurrez aurre Iruñean eta Albisuk azken jardunaldian pattal aritu zen pilotaleku berean patxada berreskuratu duen bitartean, Joseba Ezkurdiak burua eta harekin batera lehiakortasun guztia galdu du.
«Edozein huskeria nahikoa da burua galtzeko eta horrekin nabil kezkatuta» azaldu du, bere buruarekin haserre, Arbizukoak, partida bukatu eta gutxira. Gaurkoan epaileek egindako huts bat izan da egungo Binakako txapelduna bere onetik atera duena. Partida onegia egiten ari ez zen arren, 7-4ekoan epaileek ez dute txartzat eman Peñak, nabarmen, zabalean, bigarren botean jotako pilota bat eta hortik aurrera presaka, ideiak batere argi ez zituela aritu da arbizuarra, behar ez zuen pilotetara ere sartuz eta huts askotxo pilatuz.
Bera da bikotearen zama eraman behar duena eta bere liderra horrel ikusita, Ladis Galarza ere kutxatu da eta berehala amildu dira Aspekoak euren interesentzat oso garrantzitsua zen partidan.
Albisu nagusi
Guztiz kontrakoa izan da Baikokoen jarduna. Ideiak garbi zituela irten da hasiera-hasieratik Jon Ander Albisu, ez zituen aurreko astean egindako hutsak erepikatu nahi eta segurtasuna izan da bere lehentasuna. Bera izan da, partida ero batean, lehiari patxada apur bat jarri dion bakarra eta ziurtasun horretatik partidaren jabe egin da. Piloteo guztietan agindu du eta bere atzelariaren nagusitasun horri zukua atera dio Jon Ander Peñak. Partidak kolore bakarra izan du, gipuzkoarren urdina, eta puntu honekin ziurtzat eman daiteke finalerdietarako play offean egongo direla eta oraindik ez diote muzin egin lehen bi postuetan egoteko lehiari.
FITXA TEKNIKOA:
Ezkurdia-Ladis Galarza: 7
Peña II.a-Albisu: 22
Pilotakadak: 319. Iraupena: 43,51 minutu. Markagailua: 1-0, 1-3, 2-3, 2-4, 4-4, 4-10, 5-10, 5-14, 6-14, 6-21, 7-21, 7-22. Sakeak: 3 Peña II.ak. Tantoak: 5 Ezkurdiak, 6 Peña II.ak eta 2 Albisuk. Hutsak: 7 Ezkurdiak, 5 Ladis Galarzak eta 2 Peña II.ak. Gorabeherak: Binakakoaren hamaikagarren jardunaldiko bigarren partida Iruñeako Labrit pilotalekuan jokatu da.
Irribarria, etxean
Ostegunean eskuin belauneko ebakuntza jaso ostean, Iker Irribarria Aramako aurrelaria larunbat honetan itzuli da etxera, ondo osatu eta pilotalekuetara ahalik eta azkarren itzultzeko esperantzarekin.