INFO

Europako egonaldia lutzateko asmoz joan da Lointek Gernika Bizkaia Errumaniara

ACS Sepsi etxeko taldearen aurka jokatuko du astearte arratsaldean 18.00etan, Women Eurocupeko final-zortzirenetean. Garaipena eskuratuz gero, ostegunean bertan Reyer Venecia eta Gorzowren arteko irabazlearen aurka jokatuko luke final-laurdenetako kanporaketa. ETB4 kateak zuzenean emango du partida.

Roso Buch eta Margaret Roundtree Sepsi Arenako entrenamenduan. (GERNIKA BIZKAIA)

Covid-19aren ondorioak atzean utzita itxura batean, Lointek Gernika Bizkaiako jokalariak Errumanian dira Women Eurocupeko final zortzirenetako kanporaketa jokatzeko prest. Astea luze egin dakieke Mario Lopezek zuzentzen dituen emakumeei, baina Europan aurrerantz egiten jarraitzea bada xede, ahal bezain urrunen iristea, ez dio asko axolako asteon hiru partida eta bidaia luze bi egin behar baditu ere talde bizkaitarrak.

Sepsi Arena pabilioian entrenatu dute astelehen arratsaldez Gernika Bizkaiako jokalariek, martitzen arratsaldeko 18.00etan etxeko –Sfantu Gheorge da herria, Bucarest hiriburutik iparraldera, autobusez hiru ordura– ACS Sepsi taldearen aurka jokatzeko. ETB4 katearen bitartez zuzenean jarraitzerik izango da bizkaitarren norgehiagoka.

Bertan irabazterik lortuz gero, Errumaniako lurretan geratuko litzateke talde gernikarra, izan ere final-laurdenetan hitzordua izango luke-eta Italiako Reyer Venecia eta Gorzow poloniarraren arteko garailearen aurka. Saria ez litzateke badaezpadakoa: apirilean jokatu beharreko Women Eurocupeko Final Fourrean txartela, alajaina!

«Kanariar Irletatik gatoz, handik Madrilera eta gero Errumaniara. Bidaia luzea da baina gogotsu gaude burbuilan murgildu eta jokatzeko», onartu du Itziar Ariztimuñok partida jokatu bezperan.

«Handia litzateke Final Fourreko txartela lortzea», onartu du antolatzaile bilbotarrak. «Covid-a dela-eta, Eurocupa ez da iaz bezain luze egin, eta helburu polit askoa litzateke fase hau ere igaro ahal izatea. Gainera, bi partida baino ez dira... Hain hurbil ikusten da!», gaineratu du Ariztimuñok.

Valentzian, urtarrileko fase gogorrean aurrera egitea erdietsi zuen talde bizkaitarrak, La Roche Vendee eta Carolo Basketi irabazita eta Ciudad de La Lagunaren aurka galdu arren. Bere aurkaria, berriz, La Seu d'Urgelleko fasean sailkatu zen, azken egunean etxeko taldeari, Cadi La Seuri, irabazi ostean.

Azken garaipen horrek G multzoko buruzagitza eman zion. Lan horietan Rebekah Gardner eskolta (17 puntu eta 7 errebote) eta Jovana Pasic hegalekoa (11 puntu y 4 errebote) izan dira jokalari azpimarragarrienak.

Lehen partidan zentratuta

Horrez gain, kanporaketa honetara mailarik onenean iritsi dira errumaniarrak. Ligan ez dute partida bakarra galdu 18 jardunaldi eta gero, eta Kopa ere irabazi berri dute.

«Aurreneko partidari begiratzen diogu guk, bestelakorik begiratu aurretik», adierazi du, bestalde, Marta Alberdi jokalari gazteak. «Kanaria Handiaren aurka 73-72 galtzetik gatoz, baina hau beste lehiaketa bat da eta galdu dugun partidan pentsatzen ezin dugu denborarik galdu. Azkenengo partida ahaztu dugu, baina koronabirusa ere, eta sentsazio onekin gaude aurrera egin behar dugu», gaineratu du gernikarrak.

Roso Buch, aldiz, kontu handiagoz mintzatu da partida bezperan. «Arazotxo batzuk pasa berri ditugu eta ez gaude gure emento fisikorik onenean. Baina ilusioa gainezka dugu, hori egia da, Eurocupa jokatzeak ilusio hori pizten digulako. Baina badakigu, era berean, gure aurreneko aurkariari irabazi diezaiokegula eta horrek asko motibatzen gaitu, eta bestalde, onenean ez bagaude ere, Kopara joan eta elkarrekin entrenatzeko aukerak asko lagundu digu. Nekosoa da partidak eta bidaiak denak elkarrengandik hain hurbil izan beharra, baina ez gaude gaizki. Taldearen kimika oso ona da eta lesioek bakean utzi gaituzte eta lehiakor izateko lain bagara behintzat», azaldu du Mataroko eskoltak.

Jakina den bezala, Naiara Diez izango da bizkaitarren hutsunea hemendik aurrera, saskibaloia duela zortzi egun ez direla utzi baitu. Altsasukoa pieza garrantzitsua zen taldeari sendotasuna emateko orduan eta hirukoetan. Taldearen armak, hala ere, badira nahikoa astearteko partidari aurre egiteko.

«Ez dugu nahi beste bider entrenatu, baina taldea gorantz doa fisikoki», onartu du ere Mario Lopez entrenatzaileak. «Europan aurrera egiteko aukera hain gertu ikusita, azken hilabetean jazo zaiguna ahazten laguntzen digu horrek, eta motibazio horri eusten diogu. Hori bai, ezin ahaztu Errumaniako Ligako liderra izango dugula aurrez aurre, eta zazpi edo zortzi jokalari on ditu. Gardner da agian gehien zaindu behar duguna, baina barruko jokalari oso handiak ditu Sepsik eta hegal-pibotek urrutitik ongi jaurtitzen dakite. Defenditzeko aurkari zaila izango da, eta batez ere buruz buru erasotzeko duten ohitura horrekin kontuz ibili beharko dugu», gaineratu du Lopezek.

Estudiantes eta Araski, laugarrenean bai?

Madrilen, 20.30etatik aurrera, Emakumeen Endesa Ligako partida jokatuko du Kutxabank Araskik Movistar Estudiantesen aurka. Laugarren saiakera izango da honakoa eta badirudi, zortea lagun, oraingoan jokatu ahal izango dutela biek ala biek elkarren aurka. Dela koronabirusaren erasana, dela "Filomena" ekaitzaren eragina, orain arte hiru aldiz bertan behera geratu da Magariños pabilioiko partida.

Urtarrilean galdutako terrenoan otsailean berreskuratu zuen Araskik, baina FIBA Lehioak direla, Kopa dela, etenaldien erruz berriz ere martxa hartzea kostatzen ari zaio talde arabarrari. Ostiralean gainera lan oso txarrak izan dituen Spar Girona Kopako irabazlearen kantxan, eta 81-57 galdu zuten Madelen Urietarenek.

Tarteka minutu onak jokatuagatik, aurreneko laurdenean 24-10eko partziala jaso zuten gasteiztarrek, eta 21-10ekoa laugarrenean. Halako gorabeherekin nekez egin daiteke aurrera, are gutxiago Top 8an sartu.

Uneotan gasteiztarrek 12 garaipen pilatzen dituzte eta Estudiantesek 16. Bederatzigarren postuan dira Madelen Urietarenak, zortzigarren postuan dagoen IDK Euskotrenengandik garaipen bakarrera.