INFO

Binakakoaren infernutik ihes egiteko borroka, sekula baino beroagoa

Azken lau bikoen artean puntu bakarraren arteko aldea baino ez dago eta azken hiru jardunaldietan izango da dema horretan inplikatutako bikoteen arteko lehia zuzenik, lehena igande honetan Logroñon, Ezkurdia-Galarza eta Artola-Arangurenen artean.

Joseba Ezkurdiak bere alderik lehiakorrena atera beharko du sailkapena lortu nahi badu. (Iñigo URIZ/FOKU)

Txapelketan zehar partida askotxo oso desorekatuak izan badira ere, urrutiegira joan gabe azken jardunaldian izandako emaitzak ditugu horren adibiderik garbienak, ematen du enpresek  indarrak berdintzearen alde egindako apustuak nahiko fruitu emango duela, emozioak azken jardunaldira arte ziurtatuta dirudielako, gutxienez azken bi postuetatik ihes egiteko borrokan. Sailkapenaren zulotik kanpo geratzeko lehia sekula baino beroago dago eta Jaka-Martijak (3) astelehenean Urrutikoetxea-Imazi (4) irabazita, azken lau bikoteen artean –Artola-Aranguren (3) eta Ezkurdi-Galarza (4) ere tartean dira– puntu bakarraren aldea baino ez dago, jokatzeke hiru jardunaldi geratzen direlarik.

Esan beharrik ez dago, garaipen bateko aldearekin, Urrutikoetxea-Imaz eta Ezkurdia-Galarza direla helburuak euren eskuetan dituzten bikote bakarrak, baina hauek ere apenas dute huts egiteko aukerarik, dena oso orekatua dagoelako. Halakoetan gertatu ohi den bezala, aurkari zuzenen arteko lehiek garrantzi berezia izango dute eta alde horretatik, geratzen diren hiru asteetan halako partida bana izango da sei lehenengoetan sartzeko lehia horretan.

Alde horretatik, onerako zein txarrerako, Artola-Arangurenek gerra berean murgildutako bi bikoteen aurka jokatu beharko du hurrengo bi aste-bukaeretan, Ezkurdia-Ladis Galarzaren aurka igande honetan Logroñon eta Jaka-Martijaren aurka hurrengo larunbatean Lekeition. Azken jardunaldirako berriz, Zarauzko Aritzbatalden dute jarria zita Urrutikoetxea-Imazek eta Ezkurdia-Galarzak.

Averageak, Jaka-Martijaren indargune

Gauzak horren estu direla, elkarren arteko tanto averagea begiratzea ere ez dago soberan eta alde horretatik, azken postuan egonagatik, Jaka-Martijak badute itxaropenari ate bat irekitzeko motiborik. Izan ere, azken lau sailkatuen arteko dema horretan, Ezkurdia-Galarza eta Urrutikoetxea-Imazi elkarren arteko tanto aldea irabazia diete eta Artola-Arangurenen artekoa euren aldekoa izateko ere bi tantoko aldea baino ez lukete behar Baikoko gipuzkoarrekiko, lehen itzulian 21-22 galdu zuten eta Zeanurin, Oinatz Bengoetxeak alegiarra ordezkatu zuen partidan.

Urrutikoetxea-Imazi ez zaie gehiegi komeni berdinketa kasuen mende geratzea, Artola-Arangurenekiko averagea galduta dutelako eta Ezkurdia-Galarzarekikoa izango lukete erabakitzeko. Gauzak azken kasu honetan ondo bideratuta lituzkete, lehen itzulian 22-12 irabazi zieten eta Aspeko nafarrei Zierbenan.

Artola-Aranguren eta Ezkurdia-Galarzaren artekoa ere oraindik erabakitzeke legoke eta kasu honetan aldea nafarren aldekoa da 19-22 gailendu baitziren Mallabian.

Baina gauzak dauden bezala egonda, ez litzateke harritzekoa izango berdinketa bi bikote baino gehiagoren artekoa izatea. Kasu horretan, oreka hasuteko lehen irizpidea berdinketa eman den bikoteen artean jokatutako partidetan punturik gehien izate litzateke. Berdinketak jarraituko balu, bikote horien arteko partidetan bikote bakoitzak izandako tantoen koefizientea begiratuko litzateke eta hala ere hautsiko ez balitz, ligaxka osoan bikoteek izandako tanto aldea izango da erabakigarri.