INFO

Sarah Everard ustez hil zuen polizia heldu den urrian epaituko dute

Sarah Everard londrestarra ustez hil zuen Wayne Couzens polizia heldu den urriaren 25ean epaituko dute. Bien bitartean espetxean jarraituko du. Martxoaren 3an emakumea gauez etxera zihoala bahitu eta hiltzea leporatzen diote.

Emakume bat lore sorta bat uzten Clapham auzoan Sarah Everarden omenez. (Tolga AKMEN/AFP)

Sarah Everard 33 urteko emakumea martxoaren 3an desagertu zen, gauez Londreseko Brixton auzoko bere etxera oinez zihoala Clapham auzoan lagun batzuk bisitatu ondoren. Bere gorpua Kent konderriko Ashford herrian agertu zen, basoan ezkutatuta, astebete beranduago. Han atxilotu zuten ustezko hiltzailea, Wayne Couzens polizia.

Londreseko Olda Baileyko auzitegiak gaur ebatzi duenez, heldu den urriaren 25ean epaituko dute Couzens, emakume londrestarra bahitzea eta hiltzea leporatuta. Bien bitartean, 48 urteko poliziak Belmarsheko segurtasun handiko espetxean jarraituko du. Uztailaren 9an berriro berrikusiko dute haren egoera. Gaurko saioan bere izena eta jaiotze data baieztatzeko besterik ez du hitz egin, kartzelatik bideokonferentziaz.

Everarden bahiketa eta hilketak haserrea piztu du Britainia Handian, Poliziak izan duen jokaera errepresiboa dela-eta. Izan ere, hura oroitzeko Clapham auzoan emakume talde batek egin nahi zuen elkarretaratzearen aurka gogor oldartu zen Polizia Metropolitanoa eta haietako asko esposatuta eta indarrez eraman zituzten atxilotuta, ekitaldia pandemiagatik debekatuta zegoela argudiatuta. Antolatzaileen arabera, Poliziak ez zuen onartu protokolo bat adosteko egin zioten proposamena, mobilizazioa osasun neurriak errespetatuz egin zedin.

Horren ondorioz, kritika ugari izan dira Polizia Metropolitanoaren aurka eta Boris Johnsonen Gobernuak esku hartu behar izan du. Lehen ministroak babesa adierazi dio Cressida Dick Polizia buruari baina esan du txosten bat eskatu dutela Sarah Everarden kasuan poliziaren aktuazioa ikertzeko. Horrekin batera, indarkeria matxistaren aurkako neurriak hartuko dituztela iragarri du, horien artean kaleetan gauez argi gehiago jartzea. Oposizioak eta emakumeen antolakundeek uste dute ez dela nahikoa.

Azken egunotan manifestazio ugari izan dira Londresen Everarden omenez eta indarkeria matxistaren aurka.