INFO

Gizakiak imajinatu (eta batzuetan gauzatu) dituen zeruak eta infernuak jaso ditu Txilikuk

Bere jakintza zabala eta begirada zorrotza erabiliz, gizakiak «imajinatu dituen zeru eta infernuetatik» bidaia harrigarria egitera gonbidatzen gaitu J.M. Olaizola ‘Txiliku’-k ‘Zeruak eta infernuak’ liburuan. 45 piezaz osaturiko bilduma da, Elkar argitaletxearekin kaleratua.

Jesus Mari Olaizola ‘Txiliku’, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k ‘Zeruak eta infernuak’ liburua aurkeztu du ostegun honetan Donostian, irakurlea «denboran zehar eta ezpazioan barrena», mundu erreal nahiz ametsezkoetan murgiltzen duen 45 piezaz osaturiko bilduma.

Grezia eta Erromako mitologiak, Txinako poemak eta Arabiako lurrinak, animalia misteriotsuak zein landare bitxiak, liburu zaharren orri artetik erreskataturiko pasadizo xelebreak eta kondaira gogoangarriak, garai bateko ohitura galduak eta tresna ahaztuak…biltzen ditu idazle zarauztarraren liburuak.

Aurkezpenean izan da Xabier Mendiguren editorea ere eta, bere ustez, estiloen aniztasuna da liburuen ezaugarrietako bat. Baina, hango eta hemengo historia eta istorioen artetik, bat nagusitzen da: «Gizakiak imajinatu (eta batzuetan gauzatu) dituen zeruak eta infernuak».

Eboluzioaren ikuspegitik, izaki bizidun guztiok gara antzekoak. Non dago, beraz, gizakiaren berezitasuna? Txilikuk nabarmendu du bizitzearen kontzientzia dela, «bizitzera kondenatuta» gaudelaren kontzientzia, hain zuzen. Bestetik, zer gerta liteekeen asmatzeko irudimenak ere egiten gaitu gizaki egilearen esanetan. «Bitxikeriak, gertakizunak... beti bideratuta daude irudimenak, nahiak, sortu dituen paradisuetara», adierazi du.

Baina, paraleloki, «gure beldurra» eta «gure bazter ezkutuetan dauden infernuak» agertzen direla dio Txilikuk. Paradisuak eta haien infernuak, «simetria joko batean bezala asmatu izan ditugun utopia desiragarriak nahiz distopia beldurgarriak».

«Sortu diren infernu txikiak badaude, familia batean gerta daiteke, edo infernu zabalagoak. Jerusalemgo kanpoko aldean bazen auzo bat, erraustegi bat bezalakoa zena. Gaizkileak zeuden bertan, marginalak. Sufrimendua eta gaiztotasuna elkartzen ziren, eta hortik etorri zen infernu katolikoaren ideia», esan du egileak.

Pasadizo guzti horiek egilearen «umore sotil» eta «gizatasun sakonaren» bahetik igarotzen dira liburuan, eta, nahiz eta logika duen hasieratik amaierara irakurtzea, edozein momentutan hartu eta 4-5 orriko edozein istorio irakurtzeko liburua dela azaldu du egileak.

Txilikuk 70 urte beteko ditu aurten eta, Mendigurenen arabera, gazte aroko urteak prestakuntza urteak izan ziren berarentzat. Baina oraindik jarraitzen du ikasten eta buru belarri hasi zen txinerarekin duela urte batzuk. Izan ere, kultura eta hizkuntza ere badira gizakiaren ezaugarriak, eta, egilearen iritziz, hizkuntza batek aldamenean ekartzen du bere kultura. Hortaz, Asiako eragin hori liburuan ere aurki daiteke.

Liburuaren asmoa kontatzea da, kontu kontari aritzea, baina pasarte horien atzean  dogmatismoen kontrakoa filosofia bat ere badago, pixkanaka destilatzen dena. «Gure belaunaldia oso berezia izan da. Erlijioaren, jainko eta ordenarekin oso irakaskuntza zorrotza eta dogmatikoa izan dugu, eta ikasi behar izan dugu hori usatzen, kentzen», azaldu du Txilikuk.

Horretarako, gainera, zientzia, metodo zientifikoa, ezinbestekoa dela uste du, «iritzi propia lortzeko» jarraitu beharreko bidea. «Nire ikuspegia hori da eta ikusiko da liburuan».