Ibone Bengoetxea EAJren zinegotzi ohia EITBko zuzendaritzara, Aldundia utzi eta gero
EAJren Bilboko zinegotzia izandako Ibone Bengoetxea EITB Mediako zuzendari izendatuko dutela iragarri dute Bizkaiko Aldundian zuen kargua utzi eta bi egunetara. EH Bilduk izendapen hau kritikatu du, telebista eta irrati publikoa EAJren «txiringitoa» bezala erabiltzen delako.
Bizkaiko Aldundian zituen ardurak utzi eta gero, kokaleku berria topatu du EAJren Bilboko zinegotzi izandako Ibone Bengoetxeak EITBren baitan. Asteartean eman zuen Unai Rementeriak Aldundian ordezkapenak egingo zituenaren berri. Astea bukatu gabe, Bengoetxea EITB Mediako zuzendari izendatuko dutela iragarri dute. Hilaren 30ean egingo den Administrazio Kontseiluan gauzatuko da Bengoetxearen izendapena.
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari orokorrarekin berriro izango da lanean Bengoetxea, Iñaki Azkuna jeltzalea Bilboko alkate zen garaietan egin zuten bezala.
EH Bildu: «Eskandalua»
Izendapena jakin eta berehala, EH Bilduren kritikak jaso ditu. «Hau definitzeko hitz bakarra dago: Eskandalua. Hau eskandalu bat da. EAJk bere txiringitoa balitz bezala tratatzen du euskal irrati eta telebista publikoa, eta hori larria eta onartezina da», adierazi du Josu Estarrona legebiltzarkideak.
«Demokrazia batean ez da normala, eta ezin zaio normaltasun itxurarik eman, Gobernuan dagoen alderdiak horrela erabiltzea hedabide publikoak», gaineratu du EH Bilduren parlamentariak.
«Baten batek imajinatzen du zer gertatuko zen PSOEk horrelako zerbait egin balu Radiotelevision Españolan? Imajinatzen duzue eskandalua? Zergatik hemen onartzen da beste inon normala ez dena?», galdetu du.
«EH Bilduk behin baino gehiagotan proposatu du EITBn kontratazio prozesuak aldatzea, irekiak, gardenak eta irizpide objektiboen araberakoak izan daitezela. Eta EAJren erantzuna ezezkoa izan da beti. Eta orain hau. Argi dago, lehiaketa publikoak baino gehiago, EAJk hatzamarrez egindako izendapenak nahiago ditu», gogoratu du.
Egoera honetan kaltetuena EITB bera dela gaineratu du Estarronak. «Batetik, mugimendu honek, Bengoetxearen fitxaketak, ez dielako EITBk dituen beharrei erantzuten, EAJren barne beharrei baizik. Are gehiago, EITBko kargua aldi baterakoa omen da, diotenez. Antza, Diputaziotik atera ostean nonbait bermatu behar zioten soldata bat, beste ardura politiko batzuetara pasa bitartean. Eta bestetik, mugimendu hauek, Andoni Aldekoaren izendapenak bezala, EITBk jendartean duen irudia kaltetu eta gobernuaren menpe dagoen ideian sakontzea dakartelako. EITB EAJren esanetara dagoen sentsazioa gero eta hedatuago dago, eta horrelako gauzek arrazoia ematen digute hala salatzen dugunoi. Gobernuarekiko menpekotasuna, independentzia eta autonomia falta, hedabide publiko batek izan dezakeen defizit eta arazo handiena da», azaldu du.
ELAren kritika
ELAren arabera, Bengoetxearen izendapena «EITBko zuzendaritzak egindako izendapen hau azken urteetan hartzen ari den erabakien kapitulu berri bat besterik ez da, eta bere sorreran markatutako ildotik gero eta gehiago urruntzen ari denaren beste adibide bat».
EITBren Administrazio Kontseiluan ELAren ordezkariak gogoeta hau helaraziko duela iragarri du sindikatuak.