INFO

Paristik natorren konfinatu bat naiz ni

Bihar larunbatetik landa konfinamendu molde berria indarrean sartuko da frantziar Estatuaren 16 departamendutan, Parisen barne. Horren karietara eskualde arteko bidaiak ez dira baimenduak. Alta, gaur Paris eta euskal kosta lotzen dituzten AHT trenak jendez beteta heldu dira. Azalpenak.

Parisko Montparnasse geltokia ihes egiteko irrikan zegoen jendeaz bete da goizean goizetik. (Martin BUREAU/AFP)

Emmanuel Macronek bere esku zen guztia egin du Paris ez ixteko. Jakina, frantziar estatuko Barne Produktu Gordinaren %30a bermatzen du hiriburuko eragin eremuak.

Hala eta guztiz ere, covid19ren aldaerek ukan duten zabalpen azkarrak, alde batetik, eta erietxetako erreanimazio zerbitzuetan dagoen okupazio tasa handiak, bestetik, nahi ez zuen erabakia hartzera eraman dute Eliseoko maizterra.

Gauzak horrela, konfinamendu molde berria plantan emanen dute martxoaren 20tik aitzin Hexagonoko 16 departamenduetan.

Gutxienez ondoko lau astetan herritarrek ahal den eta gehien mugatu beharko dituzte beraien gizarte harremanak. Bai eremu pribatuan baita publikoan ere.

Hala, herritarrek etxetik lan egin beharko dute, ahal duten denbora gehien. Ikastetxeak, ordea, ez dira hetsirik izanen, lehen konfinamenduan gertatu zen bezala.

Orain arte ezagututako konfinamenduarekin dauden diferentziak ez dira horretara soilik mugatuko.

Beharrezko mozkinak saltzen dituzten dendak zabalik izanen dira. Aurreko itxiarekin alderaturik, oraingoan liburudenda edo ileapaindegiak ez dute pertsiana jeitsiko Ile-de-France, Hauts-de-France, Eure, Seine-Maritime eta Alpes Maritimes lurraldeek biltzen dituzten 16 departamentu horietan.

Gizartearen infantilizatu baino «ardura partekatuaren logika» nahi dutela sustatu azaldu zuen bart sare sozialen bidez Jean Castex lehen ministroak.

Irizpide horri helduta, egunean zehar nahi duten beste ahal dute kalera irten, airea hartzeko, hurrengo gauerditik aitzin konfinamendupean diren 21 milio herritar horiek. Beti ere jende elkarketak saihestuz, eta 19.00tara gibelatu den etxeratze aginduak ezartzen duen muga errespetatuz.

Jakin behar da uda ordutegia sartu aitzin frantziar Gobernuak agindu duen den etxeratze agindurako orduegi berria Hexagono osoan, Ipar Euskal Herrian barne, ezarriko dela asteburu honetatik landa.

Ahal da asteburu Iparralden edo Bretainian igaro?

Frantziako 16 departamenduetan indarrean izanen diren neurri murriztaileek jarraituz, hiriko garraioak martxan izanen dira, lan egunetan zein asteburuan. Alta, lurralde eremu horietan bizi diren herritarrek -esaterako paristarrek- ezin dituzte eskualde arteko bidaiak egin.

Neurriak ezagutu eta berehala ezabaida piztu zen, frantziar hedabidetan zein sare sozialetan.

Neurriak martxoaren 20an, gauerdian, plantan emanen dituztenez, frantziar hiriburuko biztanleek ahal izanen dute gaurdanik asteburu pasa kanporat joan?

Gaur SNCF webean sartu ez gero, frantziar hiriburutik Lapurdira etortzen diren trenei dagozkien erreserbak kasik agortuta daude. Bese hainbste gertatzen da azkeneko geltokia Bretainia edo Bordele duten treb zerbitzuekin.

Arakatze lanetan murgildu diren txiolari zirikatzaile anitzek nabarmendu dute euskal kostara bertaratzeko aukera ematen duten trenek gaur bereziki duten arrakasta. Hala nola .@TBetbeder.

Bretainiako edo Marseilako txiolandiako lagunek ez diote erronkari kale egin.

Batzuk zein besteok sereratu duten mezu parrastari so eginez gero SNCF tren konpainia izan daiteke konfinamendu bereziaren behinbehineko garaile.

Euskal paisajean Parisko Metroan

Tren eta hegazkin erreserbak begiratuta euskal lurraldeak beharrik ez duela bere erakargarritasunaren gorazarre egiteko pentsatu daiteke. Usteak ustel. Parisko Metroan euskal paraje ederrenetarikoen argazkiak ezarri dituzte, hiriburuko konfinatuen amets egiteko gogoa pizteko, agian?

Kazeta.eus atariak jaso du turismo kanpainari buruzko xehetasunak. Pariseko merkatua promozio estrategia horren ohiko xedeetariko bat da, Euskal Herrira jiten diren bisitarien %21a ordezkatzen duelako. Bordele eta Akitania Berritik eta Tolosa eta Okzitaniatik ere bezero fidelak heldu baitira urtero, bisitarien %50a osatuz.

«Galdu behar ez den aukera ekonomiko on bat». Hala azaldu du Jean-Sebastien Halty Hendaiako Turismo Bulegoko zuzendariak plantan emana izan den publizitate kanpaina aurkeztean.

Eguneroko joan-jinetan, Abadiako gaztelua eta Txingudiko badia begien aitzinean dituzte paristarrek. Pentze berdeak eta itsaso urdina bezalaxe. «Hemen, itsasoari begirako etxola ttipi bat», dio metroko pasabidean jarririko afixa handiak.

Osasun krisian sartuak diren paristarrentzat, amets bat. Hain zuzen, 400 kasu 100.000 biztanlekotan baita intzidentzia tasa frantziar hiruburuaren eragin eremuan.

Ipar Euskal Heria barne den Pirinio Atlantikoen departamenduan, berriz, aste baterako intzidenzia tasa 65,6 positibotan 100.000 biztanleko kokatu zen atzo, hain zuzen «paristar erara» antolaturiko konfinamendua iragarri zuten egunean. Gaur eguerdian, berriz, covid19k jota dauden «paziente gazte bi» heldu dira Parisko erietxetatik, hegazkinez, Biarritzeko aeroporturat. Baionako ospitalean artatuko dituzte.