Bidasoa-Irunek bigarren zatian ireki du zauria bigarren postuan sendo eusteko (21-25)
Bidasoa-Irunek ligan bigarren garaipena erdietsi du Navaren etxean 21-25 gailendu ostean. Neurketan nagusitasuna islatzea kosta bazaio ere, bigarren zatiaren lehen erdian irekitako zauriak garaipenera bideratu du Cuetararen taldea. Hala, sendotasunez eusten dio bigarren postuari.
Ligako 24. jardunaldia ireki du Bidasoa-Irunek Navaren etxean. Txapelketan helburu ezberdinak dituzten bi talde izanik ere, ikuskizun ederra eskaini du bien arteko lehiak, batez ere lehenengo zatian; eta horren erakusgarri izan da lehen zatiko azken gola, Nava taldeko Filip Vujovic hegaleko jokalariak egindakoa, seguraski jardunaldiko gol onenen artean egongo da.
Lehen 30 minutuetako lehia estuagoa izan da. Etxeko taldea hasi da nagusitzen, 1-3ko markagailua lortuz, eta Bidasoa-Irun ez da gailendu markagailuan 15. minutura arte. Segidan etxeko taldea berriz nagusitu den arren, 0-3ko partzialari esker bi goleko aldea ireki du talde irundarrak. Ordutik, neurketaren bukaera arte, markagailuan aurretik izan da Bidasoa-Irun. Sergio de la Saluden pistaratzeak ere izan du zerikusirik, honekin, Salinas eta Azkue askeago sentitu baitira erasoan. Orioarrak hiru gol egin ditu lehen zatian eta laukin bukatu du neurketa (jaurtiketen %80 asmatuz), taldeko golegile nagusi gisa, De la Saludekin batera.
Kosta zaio aldeko abantaila lortzea, hein handia batean Nava taldeko atezain Dzmitry Patotskik azken jardunaldian erakutsitako bolada onari jarraipena eman baitio (jaurtiketen %41,94 gelditu ditu). Lehen zatian bederatzi gelditu egin ditu, bere handitasunari esker hegaleko jaurtiketa oro oztopatu ditu eta hori gutxi balitz, Rodrigo Salinasen bi jaurtiketa indartsu ere gelditu ditu.
Xoan Ledo ere ez da atzean geratu eta hau motor diesel bat izango balitz bezala, minutuak pasa ahala berotzen joan da eta bigarren zatian protagonismo osoa berreskuratu du (gol bat ere egin du), Cuetararen taldeak landutako defentsa estuaren laguntasunarekin, jakina, Tesoriere indartsuaren gidaritzapean.
Sei goleko abantaila
Hala, bigarren zatiaren lehen erdian atsedenaldiko bi goleko abantaila sei golera handitu da (11-17), lehen hamabi minututan etxeko taldea gol bakarrean utzita, 1-5eko partzialarekin. Agerian geratu da bi taldeen arteko diferentzia; gipuzkoarrak Europako txartela ematen duen postuan sendotzeko borrokan baitaude eta segoviarrak, aldiz, jaitsiera postuetatik ateratzeko saiakeran dabiltza. Valladoliden aurka ezustekoa eman ostean ezin izan dute ekintza bera errepikatu irundarren aurka.
Azken minutuetan Nava neurketan sartu den arren (18-21era murriztu du aldea), ez du gehiegi estutu Bidasoa Irun, garaipenaren bidea uneoro ondo marraztua izan baitu talde gipuzkoarrak. Hala, astean zehar Logroñoren aurka erdietsitako garaipen garrantzitsuari jarraipena eman dio larunbat honetan.
Fitxa teknikoa:
Balonmano Nava: Patotski; Vujovic (1), Seabra (1), Perez Arce (4), Mota (2), Rosales (1), D'Antino (1) -hasierako zazpikoa-. Lamariano (oa), Ajo (2), Bernabeu (2), Villarraso (2), Villagran, Alonso (1), Marugan, Da Silva (4), Simenas, Herranz (2).
Bidasoa-Irun: Ledo (1); Cavero (3), Salinas (3), Azkue (4), Racotea (3), Zabala (2), Aguinagalde (2) -hasierako zazpikoa-. Sierra (oa), De la Salud (4), Tesoriere, Da Silva (1), Nieto, Bonanno, Furundarena, Serrano (2), Gey-Emparan.
Epaileak: Macias de Paz eta Ruiz Vergara. Etxeko taldetik Seabra, Rosales eta Mota zigortu dituzte bi minuturekin eta Bidasoa-Irunetik, Tesoriere eta Cavero.
Partzialak: 1-1, 3-3, 5-5, 7-8, 8-10, 10-12 (atsedenaldia); 10-13, 11-16, 12-17, 14-19, 18-22, 21-25 (amaiera).
Gertakizunak: 24. jardunaldia. Zenbait zale gerturatu dira Guerrer@s Naveros udal kiroldegira.