INFO

Erik Jakaren erakustaldia Labriten, bideotekan gordetzeko modukoa (22-19)

Piloteoan erabat dominatuta jokatu arren, Lizartzakoak 16 tanto egin ditu jokoan, zein baino zein jokaldi ikusgarriagoekin eginak, eta bi pilota bakarrik galdu ditu. Eta garrantzitsuena, erakustaldi horrek Olaizola eta Rezusta menderatu eta laugarren puntua batzeko balio izan die.

Erik Jaka, gaur Labriten sakea ateratzen (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Jakak eta Martijak 22-19 menderatu dituzte Olaizola II.a eta Rezusta Labriten, Lizartzako aurrelaria protagonista izan duen neurketa ederrean. Erik Jakak binaka gogoratzen zaion partidarik onena jokatu du, sekulako erakustaldia eman du errematean, eta lan horri esker laugarren puntua eskuratu dute sailkapenean.

Gutxitan ikusten da horrelakorik. Piloteoan erabat dominatuta jokatu arren, Jakak 16 tanto egin ditu jokoan, zein baino zein jokaldi ikusgarriagoekin eginak, eta bi pilota bakarrik galdu ditu, horietako bat luzeegi ateratako sake bat.

Ez da izan aurkariek gaizki jokatu dutelako. Kontrara, Olaizolak eta Rezustak ere oso ongi jokatu dute eta horregatik izan da norgehiagoka gogoratzeko horietakoa. Eta ez da izan aurkariek defentsan erraztasunak eman dituztelako. Ez horixe, ikustekoa izan da Aimar Olaizolak 41 urterekin zer pilota eraman dituen zabaletik. Jakaren inspirazioa izan da, eguna izan duela, eta Buruz Buruko Txapelketa irabaztera eraman zion joko elektriko horrekin, garaipenera bideratu du Julen Martija.

Markagailuan gora-beherak

Etxeberriko atzelariak zalantza askorekin ekin dio neurketari. Aurreko jardunaldian eskuin eskua ikututa amaitu zuen eta beldur puntu batekin sartu da deman. Rezustak nabarmen agindu du lehen tantoetan eta aurreneko abantailak urdinentzat izan dira: 0-3 eta 2-5.

Baina Erik Jakak oso argi zeukan, inoiz baino gehiago, bikotearen pisua bere bizkar gainean hartu beharra zeukala, tantoa luzatzeak ez ziola inolako onik egiten, eta arriskuak hartu ditu hasiera-hasieratik. Mota guztietako jokaldiak eginez, 10-8 ipini dira aurretik, markagailua irauliz.

Esan bezala, Aimar Olaizola ere jokatzeko zegoen, ordea. Defentsan lan ikusgarria egiteaz gain, errematean ere oso fin aritu da eta ez du barkatu. Berriz ere aurretik ipini dira markagailuan eta alde aipagarriak ere izan dituzte, 14-17an, esaterako.

Baina ordura arte Jakaren lana erakustaldia izan bada, hortik amaierara artekoa erauntsia izan dela aipa liteke. Martijari behin eta berriz animoak emanez, tantoak bata bestearen atzetik egiten hasi da, eta Martija berak ere gora egin du une erabakigarrian. 18-19 galtzen egon arren, ez dute amore eman eta lau tanto segidan eginez 22-19 nagusitzea lortu dute.

«Onenetakoa»

«Onenetakoa bai», erantzun du Erik Jakak bere partidarik onena izan ote den galdetuta. «Orain arte beti atzelari indartsuekin jokatzea egokitu izan zait, baina orain Julenekin ari naiz eta berak beste bertute batzuk ditu. Beste modu batean jokatu beharra daukat eta, txapelketa hasieran kosta egin zitzaidan arren, orain hobeto ari naizela uste dut. Gaur egun ona izan dut, gauzak ongi atera zaizkit, eta pozik nago egin dudan neurketarekin», aitortu du Lizartzako aurrelariak.

Laugarren puntua bilduta, play-off jokatzeko borrokan bete-betean sartu dira, gainera. «Esan eta esan ari ginen inflexio puntu bat behar genuela, eta hori Tafallako partida izan zen», nabarmendu du Jakak, geratzen diren bi partidetan bide beretik jarraitzeko asmoa agertuz.