INFO

PCRak egiteko eskatu diete hilaren 15a eta 22a bitartean Poker Bilbao tabernan egon direnei

Martxoaren 15a eta 22a bitartean Poker Bilbao tabernan egon zirenei PCR proba egitera joan daitezen eskatu die Osakidetzak. Bihar, ostirala, Mesedeetako Osasun Zentroan egingo dituzte, 15.00etatik 20.00etara.

Osasun langile bat, PCR proba bat egiten, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lakuako Osasun Sailak eta Osakidetzak PCR probak egitera joan daitezen eskatu diete martxoaren 15a 22a bitartean (biak barne) Bilboko Basurtu auzoko Poker Bilbao ostalaritza establezimenduan egon direnei.

Probak Mesedeetako osasun zentroan egingo dituzte bihar, ostirala, 15.00etatik 20.00etara. Ez da beharrezkoa izango hitzordua eskatzea, eta nahikoa izango da bertaratzea. Emaitza guztiak SMS bidez bidaliko dira.

Bien bitartean, Osasun Sailak eta Osakidetzak herritar guztiei gogorarazi diete covid-19arekin bateragarriak diren sintomak edukiz gero, besteak beste, sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak edo usaimenaren galera, beren etxeetan isolatzeko eta beren osasun zentrora deitzeko.

Baheketak Bilbon

Basurtuko agerraldi honen berri eman dute, pasa den astean Deustuko Alta Fit gimnasioan 800 proba diagnostiko baino gehiago egin ondoren. Guztira 43 kutsatze antzeman zituzten.

Gainera, Bilboko Epaitegietan beste covid-19 agerraldi batek gutxienez hamabi positibo utzi ditu.

«Birusa erraz lekualdatu da Instrukzio epaitegietako langileen artean, eta ez dugu ulertzen nola ez den egin bahetze masiborik solairu horretan lan egiten duten langileen artean, orain arte 9. epaitegiko langile batzuei PCR proba egiteko bakarrik deitu baitzaie», salatu zuen LABek joan den astelehenean.