INFO

Ondarroako lonja berria, XXI. menderako prest

Ondarroako portuko arrain-lonja berria dagoeneko hasi da arrantzaleei eta merkaturatzaileei zerbitzua ematen, obren lehen fasea amaitu ostean.

Eraikin berriko iparraldeko hegala alturako arrantzatik datorren arraina jaso eta prestatzeko antolatu dute, eta, hegoaldekoa (irudian), baxurako arrainarentzat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal arrantza portuen artean, Ondarroakoa da arrain-deskarga kopururik handienak jasotzen dituena, baxurako zein alturako arrantza lehorreratzen baita bertan. Jarduera garrantzitsu hori modurik egokienean gauzatu ahal izateko, portuko lonja goitik behera eraberritu dute azken bi urteotan eta XXI. mendean aritzeko prestatu.

Instalakuntzen inaugurazio ekitaldia pasa den otsailaren 21ean egin zen, Eusko Jaurlaritzako, Ondarroako Udaleko eta arrantza kofradiako ordezkariak bertan zirelarik.

Eraikin berriak bi solairu ditu. Behekoa arrantza-jarduerarako erabiliko da; iparraldeko hegala alturako arrantzatik datorren arraina jaso eta prestatzeko antolatu dute, eta hegoaldeko hegala, berriz, baxurako arrainarentzat. Erdialdean, enkante gela dago. Enkante gela berria sistema informatikoa duen gure inguruneko lehena da, eta, bide elektronikoak erabiliz, portuan egiten diren bi enkante motak egiteko aukera ematen du, horietako bakoitza guztiz modu desberdinean.

Baxurako arraina erloju tenporizatzaile baten bidez jarri ohi da enkantean, beherantz, eta, erloju horretan, prezioaren arabera, dagozkion eskaintzak egiten dira. Alturako arraina, berriz, gorantz eta loteka jartzen da enkantean, eta banakako eskaintzak egiten dira enkantegileak ezarritako denbora baten barruan. Une horretatik aurrera, eskaintzak jaso eta zenbateko handiena jasotako arraina esleitzen da.

Salmenta-areto berriak bi jarduera aldi berean egiteko aukera ematen du, orain arte ezinekoa zena, salmentak leku, espazio eta denbora desberdinetan egiten baitziren. Guztira 111 salmenta-postu digital daude bertan, eta horiekin batera, enkantegileen bi etxola, arraina zuzenean ikusteko lagin-lerro bat, bi mailatan ikusteko pantailak, arraina saltzeko software aurreratu bat eta saltzaileen postu bakoitzarekin konektatutako megafonia-sistema bat.

Indarrean jarritako sistema berriak aukera ematen du egindako eskaintza bakoitza erregistratu eta arrainaren salmenta etiketak prestatzeko, prozesuak optimizatuz, denborak gutxituz eta produktuaren trazabilitatea uneoro bermatuz.

Bigarren fasea

Lehen fasea amaitu ondoren, lanek Egidazu kaiaren hegoaldeko eremuan izango dute jarraipena. Azpiegituraren bigarrengo fasean batez ere merkaturatzeko lan-eremua prestatuko da, bai eta kamioiak eta furgonetak kargatzeko kaia eta instalazio osagarriak ere.

Gainera, lehen solairuko plaza publiko handiak eta lonjaren inguruko urbanizazioak oinezkoentzako espazio handi bat emango diote Ondarroari. Horri esker, portuko bizitza eta herriarena are gehiago hurbilduko dira.

Lehen eta bigarren faseen artean sortutako behin-behinekotasun egoeran, Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak hartuko du bere gain eraikinaren kudeaketa eta zuzendaritza. Lonjako espazio komunak kudeatuko ditu, funtzionamendu eta mantentze-kostuak bere gain hartuz, administrazio-emakida baten mende dauden guneak izan ezik, horiek Ondarroako portuko operadoreei esleitu baitzaizkie.