INFO

Zamakona ontziolak bi urte eta erdirako lan karga lortu du, hiru kontratu eskuratuta

Itsas salbamendurako alturako atoiontzi bat eta bi atunontzi izozkailu eraikiko ditu Zamakona euskal ontziolak. Kontratu berri hauek 130 milioi eurotik gorako balioa dute eta datozen bi urte eta erdirako lan karga bermatuko dute.

Bi behargin, Zamakonaren Santurtziko instalazioetan lanean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Ohar baten bidez enpresak berak jakitera eman duenez, Zamakona Vigoko hiru ontziolari gailendu zaie enkantean eta, hortaz, itsas salbamendurako eta itsas laguntzarako atoiontzi bat eta bi atunontzi izozkailu eraikiko ditu. Hiru kontratu berri horiekin, eskari-zorroa «sendotzea» lortu du euskal ontziolak, gainera.

Datozen asteotan itxiko dituzte kontratuak eta ontziak 2023an entregatuko dituzte. Ontzi berrien eraikuntzari esker, bi urte eta erdirako lan-karga izango du ontziolak, 900.000 lan-ordu beharko dituztela aurreikusten baitute.

Bi proiektuen ezaugarriei dagokienez, Zamakonak gogorarazi du esperientzia «handia» duela arrantza-ontzien eraikuntzan, Echebastar eta Nicra 7rentzat sei atunontzi entregatu baitituzte.

Alturako atoiontziei dagokionean, SASEMARek Zamakonari esleitutako hirugarren ontzia izango da, 2006an eta 2007an ‘Don Inda’ eta ‘Clara Campoamor’ ontziak entregatu ondoren, hurrenez hurren.

Aipatu enkarguez gain, Bizkaiko ontziola Royal Arctic Line ontzi-enpresa groenlandiarrarentzat hozkailu-ontzi baten itsas probak egiten ari da egun, eta Gitte Henning AS talde daniarrarentzat arraste-ontzi pelagiko bat ere eraikitzen ari da, Norvegiako Intership AS ontzi-enpresarentzat arraina bizirik garraiatzeko bi ontzirekin batera.

Ontziak konpondu eta eraikitzeko talde garrantzitsua da egun Zamakona Yards. Santurtzin (Bizkaia), Pasaian (Gipuzkoa) eta Kanariar Uharteetan ditu lantegiak.