INFO

Antzerkigileek batzen jarraitu nahi dute euren utopia praktikoetan

EHAZE-Antzerkizale elkartearen eta Baratza Aretoaren artean osatu dute «Bidenteak gara» liburua. Bertan, etorkizun posible bat irudikatu dute hamabost antzerkigilek. Eztabaidarako galdera pila bat uzten ditu lanak, eta gogoeta adina gozamen eragiten du.

Metrokoadroka kolektiboak 2019ko ekainean Errenterian egindako kale ikuskizuna. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Aitzineko udaberrian bertan behera gelditu zen Gasteizko Baratza Aretoak antolatu ohi duen Zurrunbilo jaialdia, euskarazko dramaturgia berriei erakusleihoa eskaintzeaz gain, gogoeta gune zabala izatea xede duena. Horren ordez, topaketa bat egin zen online. «Ez genuen konfinamenduaz aritu nahi, baina kezka bazegoen eta bizkarra ematea ez zen oso naturala. Horri buelta eman eta zerbait irudimentsua egin nahian, liburu bat sortzea pentsatu genuen. Tresna bat bezala, hitz egiteko, hausnartzeko, eztabaidak sortzeko eta aurrera jarraitzeko», azaldu du Marina Suarez Ortiz de Zarate Baratzako kideak “Bidenteak gara” lanaren jatorriaz.

«Oso polita izan zen. Jendea hasieratik animatu zen. Azkenean jaialdia azaroan ospatu zen eta aurkezpen-topaketa txiki bat egin genuen Gasteizen, Zurrunbilon. Hortik martxan jarri dugu hurrengo topaketa ere. Bertan, etorkizunaz hitz egiten jarraituko dugu, digitalizazioa eta belaunaldi berriak gaitzat hartuz». Maiatzaren 15ean izanen da hori, baina itzul gaitezen liburura.

EHAZE-Antzerkizale elkartearen eta Baratza Aretoaren artean ondu duten proiektuan utopia praktikoaz idazteko eskatu zieten hamabost antzerkigileri, ez baitzuten kexatzeko liburu bat egin nahi. Era praktiko batean, etorkizun posible bat irudikatu dute eta horrek zerbait komuna ezarri du. Bakoitzak bere esperientzia eta lengoaiatik idatzi du. Testuak askotarikoak dira, baina biltzearen eta elkarlanaren nahia partekatzen dute. Aitzinera egiteko ezinbestekotzat dute.

Hurbiltasunaren alde ere egiten dute. «Arteak preziatua du gertutasuna, elkarrekin egoteko beharra. Behar ditu pertsona fisikoak, bizitzatik hurbil egotea, egia bihurtzeko, egiak hartzeko, bizirik mantentzeko», adierazi du Suarezek. Gasteizko artista bisual eta antzezle honek koordinatzaile lanak egin ditu Oier Guillanekin batera. Testu banaren egileak ere badira biak.

Idazle gehienak profesionalak dira. Baina ez daude zirkuitu ofizialenean, errazenean. Ertzetik mintzo dira. «Egiten dugun guztia guk ekoizten dugu. Horrek oso puntu polita eta prekarioa du: ez baduzu zuk egiten ez dizu inork emango. Hemen idazten dugunok komunitate txiki periferiko bat sortu dugu. Baina oso marjinatua gera daiteke. Kultura sortzen dugunok, beti galdetzen dugu: ‘norentzat egiten dugu?’. Guk maite dugu egiten duguna, baina ez baditugu baliabide guztiak, nola joan gaitezke harago? Hortik idazten dugu», argitu du Tripak kolektiboko sortzaile ere baden Marina Suarez Ortiz de Zaratek.

«Norbera da bere jauregiko erregina»

“Irlak gara” bere testuan gogoeta propio bat egiten du Suarezek. Hala azaldu dio GARAri: «Izurritearekin elkartasunaren ideia zabaldu da, zelan egin behar dugun lan besteak ere ondo egoteko, baina bestea askotan arrotza da norberarentzat. Norbanakoa ez badago bere lekuan, ez badauka bere irla, nola eraiki dezake hortik komunitatea? Niretzat oso inportantea da hori zaintzea. Bai, interdependenteak gara, baina askotan ez dakigu ezta zein den bestea ere. Ez diogu galdetu ere benetan gure laguntza behar duen. Zure bizitzan sartzen dira zer egin behar duzun esanez, baina norbera da bere jauregiko erregina».

Zeini zuzendua dago “Bidenteak gara”? Sektoreari, jakina. Baina publikoarentzat interesgarria izatea ere nahi dute. «Publikoaren rola zein den hausnarketa datorkit. Nola izan publiko aktiboa, antzezlan bat nola ekoiztua dagoen, nola funtzionatzen duen interesatzen zaiona, edo kontsumitzailea bakarrik, ikustera doana eta listo». Ikertzaile eta kritikarientzat ere bada liburua.

Arantzazu Fernandez Iglesias EHAZEko zuzendaritzako kide eta euskarazko antzezlanen kritikariaren hitzaurrean, lanak bi xede dituela nabarmentzen da: gogoeta eta gozamena. Antzerkigileentzat gozamena hagitz inportantea da. Testu batzuek izaera jolastia dute, Telmo Irureta eta Maite Aizpuruarenak kasu; besteak ipuinagoak dira.

Aldarrikatzaileagoak ere badira. «Zilegi den bezala», arteaz jardutean diruaz hitz egiten dutenak. Iñaki Ziarrusta Atx Teatroaren sortzaileak, adibidez, argi dio diruarekin lotua dagoen duintasuna behar duela sektoreak; langileak bezala tratatzea. Ikuspuntu ezberdinak daude. Suarezentzat ere dirua ez da ezer txarra. «Nire kasuan, honetaz bizi naiz. Horrek ekartzen du hainbat gauza arraro egin behar izatea. Neketsua da askotan. Ez da soldata bat edukitzea bezala, autonomo izatea ez da erraza. Baina ez zait asko gustatzen kexatzea. Badu puntu polit bat, biziraupenarena. Iñakiren ikuspuntua oso argia da. Instituzioek baliabideak eman behar dituztela esaten du. Instituzioen papera agertu zen topaketan. Eztabaida luze bat dago hor, nire ustez. Ohituta gaude alde batetik dirulaguntzekin bizitzera. Uste dugu beharrezkoak direla. Momentuz hala da. Baina auskalo zenbat aukera dauden ezagutzen ez ditugunak eta askeago egingo gintuzketenak».

«Noiz hasiko gara egiten?»

Eztabaidarako hari mutur pila bat uzten ditu liburuak. Erraterako, oraingo euskal antzerkia balekoa da euskal antzerkigile gazteenen jakin-mina asetzeko? Zurrunbiloko topaketan, arte eszenikoetako ikasle batzuk agertu ziren haien irakaslearekin. «Oso interesgarria izan zen. Askok antzerki musikala dute buruan, gauden errealitatean batere ematen ez dena», agertu du 32 urte dituen Suarezek. Bere ustez, gazteenen interesa asetzeko beharrezkoa da haien atea jotzea. Informazio pila bat dute, baina lana egin behar da erakartzeko, eskoletan bertan. «Zurrunbilon iaz ahalegin hori egin genuen, eskolatik ekarri genituen, lan bat egin genuen eurekin konfinamenduan, elkarrizketa batzuk. Baratzan saiatu izan gara tailerrak egiten, Tik Tok erabiltzen, baina ez du funtzionatzen sare horretan sartuta ez bazaude».

«Guk egiten duguna garaikidea da, ez da zaharkitua dagoen ezer. Heziketa bat behar da. ‘Nahi dugu?’, horixe da lehenengo galdera. Ondo dago eskoletara joatea eta gonbidatzea», jarraitu du hausnartzen.

Hainbat belaunaldi biltzen da “Bidenteak gara” lanean. Hitzaurrean, bi data mugarri aipatzen dira: bata 2008an Miren Gaztañagak “Stereo” estreinatu zuenekoa eta 2010ean Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiak “Errautsak” antzeztu zutenekoa bestea. Data horietatik aitzinera, euskal teatroan belaunaldi aldaketa zein praktiken aniztasuna hedatu dela dio Arantzazu Fernandezek. «Badugu publiko prestatua, erosotasunetik harago joaten diren antzezlanen zalea dagoeneko. Gauzak horrela, bistan da, programazioen estiloa aberasteko premia gero eta urgentziazkoagoa da», aldarrikatzen du.

Baina zertaz ohartu ziren topaketan? «Askok ez genuen ezagutzen apurketa hori. Belaunaldi berrientzat oso zaila zen hori irudikatzea. Nire ustez, belaunaldi berriak datoz eta askotan martzianoak dira. Leku batean aterrizatzen dute eta leku horrek bere zutabeak ditu. Eta eurentzat ez dira garrantzitsuak. Topaketan oso gauza polita gertatu zen. Horrek bideratu zuen bigarren topaketa honen ideia. Momentu batean neska gazte batek esan zuen: ‘Oso ondo, zuek dinosaurook historiaz hitz egiten ari zarete, baina noiz bilduko gara eta egiten hasi?’», kontatu du Marina Suarez Ortiz de Zaratek. Bere ustez, momentu berri bat da orain, eta beste obra-mugarri bat etorriko da agian.

Kritikekin batera sektoreko osasuna hobetzeko proposamen bilduma dago liburuan. «Topatzen jarraitzea» da atera den proposamen orokorra. «Komunitate plural hau indartzeko, hitz egitea eta elkartzea. Etorkizunera begira, etorkizunak urruntzea proposatzen badizu, guk ez dugu hori nahi», azaldu du Baratzako kideak.

«Ze lasaigarria pentsatzea, euskal antzerkiak etorkizuna duela, berez merezi duelako eta ez balio duela demostratu behar duelako. Gure estetika folkloriko guztia ustiatzen dugunean, euskal antzerkia hemen egongo delako», idatzi du Horman Poster kolektiboak.

Dxusturi Teatroko Eneritz Artetxe Aranaz, bestalde, anormaltasun berriaz mintzo da, zeren «antzerkia beti kokatu izan da normatik kanpo eta antzerkilariak betidanik anormalak» izan dira. «Ez dira konturatu Ratikulinetik gatozela, hain zuzen ere, herriaren gorputz itzel hori sendatzera, haren izpiritua garela… baina horretarako, lan egiten utzi behar digute».

Itziar Rekalde Luzarraga antzezle eta sortzaileak, aldiz, honako proposamena luzatu du: «Etorkizuna asmatu beharrean, gera gaitezen unean-unekoan: berrabiarazi eta eguneratu dezagun sistema (...) izan gaitezen geure ibilbidearen arduradunak (...) Praktika dezagun gertuko kultura egile eta hartzaile modura».