INFO

Arrasateko Gaztetxeak egitarau zabala prestatu du 30. urteurrena ospatzeko

30 urte beteko ditu Arrasateko Gaztetxeak eta merezi bezala ospatzeko, gala bat prestatu dute apirilerako. Bertan euren historia jasotzen duten liburua eta dokumentala aurkeztuko dituzte. Hitzaldi, kontzertu eta jolasak ere iragarri dituzte batez ere eskerrak emateko baliatu duten prentsaurrekoan.

Arrasateko Gaztetxearen 30. urteurreneko ekintzak azaldu dituzte agerraldian.

Hiru hamarkada betetzera iritsi dela-eta, egindako ibilbideari begira jarri da Arrasateko Gaztetxea. Kideek adierazi dutenez, plazera izan da aspaldiko kontuak entzun eta euren historia idaztea, eta plazera da oraindik ere bizirik eta martxan egotea. Liburu eta dokumental formatuan aurkeztuko dute emaitza, apirilaren 17an Amaia Antzokian egingo duten gala batean. Egitarau zabalagoa antolatzen ari dira, kontzertu, hitzaldi eta jolasekin.

Autogestioa, asanblada, aagunak, militantzia, eztabaidak, konpromisoa, txandak, kontzertuak, askatasuna, ikasketa eta plazera. Halako hitzak datozkie burura Arrasateko gazte asanbladan ibili direnei gaztetxea zer den galdetzerakoan.

«Hiru hamarkada luze igaro dira sortu ginenetik, hiru etxe izan ditugu eta ahaztu ezin dezakegun Gurea Gaztetxea ere izan genuen. Azken honek utzitako ar horren ondorengoak gara gu, arratoi izatetik amarratz izatera pasatu ginenak eta ibilian-ibilian tximeleta izatera ere heldu ginenak 25. urteurrenean. Eta, gaurkoan AGAKOk 30 urte beteko dituela esatera gatoz», adierazi dute larunbat honetan gaztetxean bertan egindako agerraldian.

«AGA eta Gureako garai latz zein zoriontsuak lehendabizi; Ospitale Zaharreko 11 urteko ibilbide gorabeheratsua ondoren; Altamira garaiko lan eskerga gero eta gaur egungo Gaztetxeko urte mordoxka hauek azkenik. Ospitale Zaharreko kideek erabaki zuten bertako asanbladari Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatua izena jartzea eta, urteak aurrera egin ahala, horrela mantendu dugu gainontzekook ere».

Kide guztiei eskerrak eman dizkiete, eta nabarmendu dute plazera dela autogestioa ardatz hartuz, askatasuna gertuago dutela sentitzea.

Apirilean azken urtean egindako lanaren fruitua erakutsiko dute: liburua eta dokumentala estreinatuko dituzte apirilaren 17an, Amaia Antzokian «gala galanta» eginez.

Horrekin batera egitarau zabala prestatu dute apirilerako. Hainbat hitzaldi, liburu aurkezpen eta kontzertu antolatu dute. Berezitasun gisa kalea hartu eta jolasa guztien kontua dela argi utziz, bandera jolasa ere egingo dute Arrasateko alde zaharrean. Laster kaleratuko dute informazio gehiago.