Bertso egun elegantea josi dute Getariako Balenciaga Museoan
Plaza elegantea, distantzia justuan jositako 160 aulki laranja Balenciaga museoan. Kabitzen ziren aulki denak. Beste batzuk online. Pandemiak baimentzen duen bertso egunik bertso egunena.
Aretoa, paregabea, Getariako Cristobal Balenciaga Museoa. Argia, primerakoa. Egun eguzkitsu eta jendetsua Getarian. Unai Iturriagak hasieran kantatu duenez, «Aurrera egin beharra du bertsoak nahiz zaindu behar den atzea/ gure lana da haria eta orratza ondo batzea/ badaukat esperantza posible dela gaur hori lortzea/ lan zailagoa izan delako Getarin aparkatzea».
160 lagunentzako tokia paratu dute antolatzaileek, kabitzen ziren denak. Beste batzuek online jarraitu dute saioa. Maite Berriozabal aritu da gidari lanetan eta Uxue Alberdik, Unai Iturriagak eta Alaia Martinek josi dute bat-batekoa. Manex Agirrek, Rosi Lazkanok, Maider Arregik eta Eli Pagolak, berriz, bertso jarrien partea. Bakoitzak bere estiloko bertso jantzia ekarri du oholtza gainera.
Askotariko jantziak
Kolore, forma eta oihal askotarikoa izan da Getariako Bertso Eguna. Alberdik eta Martinek, adibidez, parpaila fineko une intimoa josi dute. Sareetan ezagututako maitaleak, dena perfektua da harremanean, gauza bat salbu. Alberdiri ez zaizkio Martinen musu fisikoak asko gustatzen. «Hala gertatzen zaigu sexuaren jaian/ izarrik etzaigula piztu ohi paisaian/ zu etzara egoten deskontrol lasaian/ ta ni berriz nabil zu kontrolatu nahian», bota du Uxuek. Eta Alaiak, erantzun: «Berriz horren nerabe, berriz horren erkin/ ia ezin ahoskatu hain zaitut atsegin/ haur garaietan gisan beharko dut egin/ ta praktikatuko dut ispiluarekin».
Umorezko puntadak
Umorezko alkandora koloretsua josi dute geroxeago Unai Iturriagak eta Alaia Martinek. Pisukideak eta ez oso sozialak biak, etxeko balkoian biak, Getaria beren herri moñoñoa bisitariz lepo nola dagoen begira. Alaia Martinek kantatu duenez, «Baju hitz egingo dut, ez barre ez broma/ ez harridura ikur, ez puntu ez koma/ dela bost minututxo atera naiz hona/ ta ehun aldiz entzun dut ze eguraldi ona». Eta Iturriagaren ateraldia, «... Sagarduik behar luke zerbait erabaki/ gure herria itxi hor perimetralki/ ta baita bertikalki ta espazialki».
Alaia Martinek eta Uxue Alberdik elegantziaz eta ironia zorrotzez jositako soinekoa etorri da geroxeago. Martin Uxueren zale amorratua da eta perfekzioa eta lilura baino ez ditu ikusten Alberdiri begiratzen dionean. Saioa bukatu eta zain dauka, begiak distiraz. «Berriro ere hemen ikaragarria/ lau poto egin ditut ta oso larriak/ alperrik nago zure aldaren jarria/ barkatuko didazu hau pixalarria», bota du Alberdik bere jarraitzailearekin aspertuta. Eta Martinek, erantzun, «distira begiradan ta distira pixan/ zu bezelakorik ba ote da bizitzan/ ona literaturan ta bertsolaritzan/ ta nik zure bikia nahiko nuke izan».
Saioaren azken partean, Maider Arregi eta Eli Pagola igo dira oholtzara, bollerismoari kantatzera. Xenpelarrek 1864. urtean bertsotan kantatu zituen ‘Andre Txarraren Bentajak’ eta Arregik eta Pagolak 2021. urtera ekarri eta berritu dituzte. «Bollerismoa ekarri dugu bigote eta besazpi/ feminismoa jasateakin ez bazeneukaten aski». Umoretik, baina puntada zorrotzekin, batzuetan azalean zizta eginez orratzarekin; «gure ahotan bollerismoa beste gairik ez ote da/ guraso eta bikote gaiez ez zarete aspertzen ba».
Eta horrelaxe, eguna ilundu ahala argitu da bertsozalea, Balenciagako kristaletan gozatutako ilunabar paregabean.