INFO

Euskal errepublikak lurretik, airetik eta itsasotik hartu du Loiolako kuartela, auzoari emateko

Ehun mugimenduak antolatuta, jende ugari bildu da Loiolan, militarrei kuartela utzarazteko gutuna emateko. Ekintza ikusgarria egin dute, intsumitu izandakoen parte-hartzearekin. Militarren estiloan, lurrez, airez eta itsasoz, espazioa beraiena egin eta auzoari eman diete, gai sozialetan erabiltzeko.

This browser does not support the video element.


Ehun mugimenduko kideak «oso-oso pozik» zeuden Loiolan egin duten ekintzaren amaieran. «Jende asko hurbildu da, espero baino askoz gehiago, eta oso-oso pozik, animatuta ikusi ditugu, mobilizazio dinamikoa, desberdina izan delako», kontatu dio NAIZ-i antolatzaile batek. Utzarazte-gutuna eman diete kuarteleko militarrei, espazioa auzoari emateko, honek gai sozialetarako balia dezan.

«Gutun honen bidez jakinarazten dizuegu gure jabetza hustu behar duzuela -dio gutunak-. Horren arrazoiak honako hauek dira: euskal errepublikaren aldarrikatzea eta instalazio horiek Loiolako bizilagunen bizi kalitatea hobetuko duten polikiroldegi eta erabilera sozialetarako lokal bilakatzea».

«Traineru batean etorri da gutako bat, eta plazan irakurri du militarrei eman diegun desalojo gutuna.  80 maleta hartu ditugu, bi intsumitu izandakok hartu dute desjabetze gutuna eta zubira joan gara».

Ertzaintzak ez die utzi gutuna eman eta antzerkia egiten

Ehuneko kideak azaldu duenez, baimena zuten zubian antzerki bat egiteko, baina ertzainek furgoneta jarri dute erdian eta ez diete pasatzen utzi. Donostiako EH Bilduko zinegotzi bat ere han zen eta ertzainekin mintzatu da, argituz zubi erdia Donostia dela eta baimena bazutela, baina hala ere ez diete utzi.

Utzarazte gutuna ematen ere ez diete utzi. «Tentsio momentu bat egon da. Euskal errepublikako ordezkari izatearen legitimitatez etorri gara; militarrei, aldiz, ez diegu legitimitaterik onartzen. Eta talka hori agerian gelditu da».

Bi traineruk pankarta jarri dute ibaiaren ertzean, kuartelaren aldean. ‘Gune berreskuratua, intsumisioa, Euskal Errepublika’, hartu dute lelotzat.

Ekintzaren amaieran, koloretako ehun suziri bota dituzte. 

«Jende asko hurbildu da, espero baino askoz gehiago. Oso-oso pozik, animatuta ikusi dugu jendea, mobilizazio dinamikoa, desberdina izan delako. Ehunen mobilizatzeko estiloa hori da, kalean gauzak egitea. Orain hori komentatzen ari da jende guztia. Oso pozik gaude, nahiz eta ez diguten utzi nahi genuena egiten. Mezua plazaratzeko balio izan du, jendea mugitzen eta gai hauetaz pentsatzen hasteko», adierazi du Ehuneko partaideak ekintza bukatu orduko.