Pirinio Atlantikoetako prefetak itxita zituen mugako hiru pasabide ireki ditu
Berruet Benta, Lizarrieta eta Lizuniagako pasabideak irekiak dira gaurdanik. Oraindik mugako beste bost leku itxiak mantentzen ditu Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Martxoaren 30etik aitzina PCR proba aurkeztu beharko dute Ipar Euskal Herriko biztanleek Nafarroa edo Gipuzkoara joateko.
Aste honetan bertan Eric Spitzek, Pirinio Atlantikoetako prefetak, Nafarroa eta Lapurdi arteko hiru pasabide irekiko zituela iragarri du eta, gaur, urtarrilaren 14tik itxita ziren Berruet Benta (Sara eta Zugarramurdi artean), Lizarrieta (Etxalar eta Sara artean) eta Lizuniagako pasabidea (Sara eta Bera artean) ireki dira. Aitzitik, beste bost pasabideek itxita jarraituko dute.
Hiru pasabide irekitzeko erabakia Nafarroako Gobernuak eskatu ostean hartu zuela adierazi zion prefetak ‘Sud-Ouest’ hedabideari. Edonola ere, oraindik itxita jarraitzen dute Izpegi, Aldude eta Larraineko pasabideek, eta baita Hendaiatik Gipuzkoara igarotzeko beste bi pasabidek ere.
Bestalde, orain arte Estatu frantsesean sartzeko bakarrik eskatzen zitzaien bidaiariei PCR probak egiteko, martxoaren 30etik aurrera ordea, Ipar Euskal Herritik Gipuzkoara edo Nafarroara iragan nahi duten herritarrei ere azken 72 orduetan eginiko PCR proba negatiboak eskatuko dizkiete.
Hau da, orain arte soilik Hego Euskal Herriko biztanleek erakutsi behar zuten PCR proba, baina aurrerantzean Ipar Euskal Herriko biztanleek ere PCR proba egin beharko dute Nafarroa edo Gipuzkoa aldera joan nahi badute. Soilik mugaideak diren herrietako biztanleek eta mugaz gaindiko langileek pasa ahal izango dute PCR probak erakutsi gabe.
Muga inguruko biztanleei dagokienean, 30 kilometroko erradioa hartuko da erreferentzia gisa. Alegia, mugatik 30 kilometro baino gutxiagora bizi direnek (alde batera zein bestera), ez dute PCR frogarik erakutsi beharko.