INFO

Ezker Anitzak ez du babestuko Ahal Duguk Goiarekin lortu duen aurrekontu-akordioa

Ahal Duguko bi zinegotziek aurrekontu-akordioa adostu dute Eneko Goiaren Gobernuarekin. Elkarrekin Donostia osatzen duen hirugarren zinegotziak, Ezker Anitzakoak, iragarri du udal aurrekontuen aurka bozkatuko duela asteazkenean egingo den Udalbatzan.

Ahal Duguko zinegotziak. (@AitzoleAraneta)

Elkarrekin Donostia udal taldea osatzen duten zinegotziek ez dute boto berdina emango biharko Udalbatzan. Izan ere, Ahal Duguko bi zinegotziek akordio bat adostu dute Eneko Goiaren Gobernuarekin, eta Ezker Anitzako ordezkariak aurka bozkatuko duela adierazi du.

Ahal Duguko zinegotzi diren Aitzole Araneta eta Marta Huartek prentsaurreko batean azaldu dutenez,  2,9 milioi euroko akordioa hitzartu dute, aurrekontu proiektuari egindako zuzenketen bidez.

Adostutako partiden artean, ostalaritzari eta saltoki txikiei laguntzeko milioi erdi euro eta koronabirusak eragindako sektoreen «erreskatea» nabarmendu dituzte zinegotziek, etxebizitzarako itun bat iragarri dutenek.

«Etxebizitza duin bat izateko eskubidearen aldeko konpromiso oso garrantzitsua lortu dugu», esan du Aranetak. Honek adierazi duenez, «Donostian ez da etxebizitzarako alternatibarik gabeko etxegabetzerik egongo eta alokairuaren gehiegizko prezioak kontrolatuko dira».

«Baliagarriak izateko aukera aprobetxatu dugu, gure aurrekontuak ez direla ahaztu gabe, ez diogu eztabaidari uko egin nahi izan, ezta konponbideak emateko aukera galdu ere, donostiarren interesak aurretik jarriz», gaineratu du.

Ezker Anitzaren erantzuna

Ezker Anitzako zinegotzi Haizea Garayk ez du akordioa babestu, eta aurrekotuen aurka bozkatuko duela iragarri du. Haren ustez, Goiak aurkeztutako aurrekontuek ez diete erantzuten kolektibo zaurgarrienen beharrei.

Etxebitzari dagokionez, Ahal Duguk Udal Gobernuarekin adostutako zuzenketak «partzialak» direla ohartarazi du. Haren ustez, «gaur egungo egoeraren norabidea aldatzeko» unea zen.