Joseba Ezkurdia eta Ladis Galartza bizi-bizirik iritsiko dira azken jardunaldira
Aspekoek 15-22 menderatu dituzte Aimar Olaizola eta Beñat Rezusta Zumaian. Beren pilotarekin min egin diete aurkariei takada handiak izan dituen neurketan. Hala ere, azken jardunaldian Mikel Urrutikoetxea eta Ander Imazen aurka jokatuko duten partida erabakigarria izan daiteke.
Ezkurdia eta Galartza 15-22 nagusitu dira Olaizola II.a eta Rezustaren aurka Zumaian jokatutako partidan. Garaipen horri esker, sei puntiurekin berdinduta gelditu dira bi bikoteak sailkapenean eta bizi-bizirik iritsiko dira Aspekoak ere ligaxkako azken jardunaldira.
Irabazi beharraren presio horrekin irten dira kantxara urdinak, eta aurreneko tantoak ez dira batere ikusgarriak izan. Lehen zortzi tantoetatik bost sakez heldu dira, eta horietako asko eramatekoak, gainera.
Baina Ezkurdiak eta Galartzak gustoko pilota bizi bat aurkitu dute une horretan eta jokoan nabarmen nagusitzen hasi dira. Baraibarko atzelariak sekulako pilotakadak jo ditu tanto horietan, Rezusta goitik behera menderatu du, eta Joseba Ezkurdia bikain ibili da errematean. 4-4tik 4-11ra joan dira zazpi tanto jarraian eginda, horietatik sei Ezkurdiaren erremate bikainak.
Hurrengo tanto luze eta borrokatua, ordea, gorri erori da, Aimarrek ederki irekitako pilota bati esker, eta pilota aldaketarekin jokoaren norabidea ere aldatu egin da. Rezusta menderatuta egotetik agintzera pasa da, askoz erosoago aritu da piloteoan, eta urdinei tokatu zaie sufritzea.
Oso denbora gutxian 11-12 hurbildu dira markagailuan, eta bazirudien abiada hartua zutela garaipenaren bila joateko. Baina hor Ezkurdiak azti jokatu du eta atseden bat eskatuz erritmoa apurtu die aurkariei.
Atsedenetik bueltan Ezkurdia bera izan da boleaz ormabiko dotorea sinatu duena, eta behin sakea berreskuratuta, haizea berriz ere alde izan dute Aspekoek. Arbizuko aurrelariak bizkar gainean hartu du bikotearen zama eta berriz ere sei tanto segidan eginez 11-18 hautsi du neurketa.
Bigarren atseden luzeak beste aldaketa bat ekarriko zuela ematen zuen, Ladisek eramateko bi sake galdu ostean gorriak 14-18 inguratu direlako, baina kasu honetan Ezkurdiak azkar moztu du aurkarien erreakzioa gantxo on batekin. Eta hortik azken 15-22ra berehala joan dira irabazleak.
«Takadak izan ditu partidak, baina uste dut guk lan ona egin dugula. Pilota biziak ziren eta abiadura sartuz, sakearekin hasita, min egin diegu», aztertu du Joseba Ezkurdiak amaieran. Arbizuarrak 12 tanto izan ditu jokoan eginak eta 4 sakez.
Garaipen garrantzitsua Ezkurdia eta Galartzarentzat, nahiz eta azken jardunaldian ere agian irabaztera derrigortuta egon daitezkeen Urrutikoetxea-Imazen aurka. Jaka-Martijak irabazten badute berdinketa jendetsua egon liteke sei punturekin, eta berdinketa horretan Ezkurdia eta Galartza dira galtzaile irtetzen direnak.
«Sei punturekin kokatu gara sailkapenean, baina datorren igandean ere irabazi egin beharko da seguruenik. Ea zer gertatzen den ostiralean eta larunbatean, oraindik dena airean dago eta hori ona da zaleentzat eta pilotarientzat», gaineratu du.
Olaizola eta Rezusta ere ez daude askoz hobeto, azken jardunaldian Elezkano eta Zabaletaren aurka jokatzen dutelako, baina beraien kasuan berdinketa jendetsu horretan emaitzak aldeko izango lituzkete.
Pilotakadak: 493. Partidaren iraupena: 59 minutu. Markagailua: 0-4, 4-4, 4-11, 7-11, 7-12, 11-12, 11-18, 14-18, 14-21 15-21 eta 15-22. Sakez: 6 Olaizola II.ak eta 4 Ezkurdiak. Jokoan eginak: 6 Olaizola II.ak, 12 Ezkurdiak eta 2 Galartzak. Jokoan galdutakoak: 4 Olaizola II.ak eta 3 Ezkurdiak. Gertaerak: Zumaiako Aitzuri pilotalekua, ateak itxita. Lehen sakea, urdin.