INFO

Iruñeko kaleetako bankuak LGTBI banderaren koloreekin margotzeko eskatu du oposizioak

EH Bildu, PSN eta Geroa Bai udal taldeek nabarmendu dutenez, «diskriminazioa jasaten jarraitzen duen kolektibo hau ikusaraztea eta hiriko altzarien bidez pedagogia egitea» dira ekimen honen helburuak.

Iruñean LGTBI eragileek egindako manifestazioa. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

EH Bildu, PSN eta Geroa Baik adierazpen bat aurkeztu dute Iruñeko Hirigintza Batzordean,
eragileen lankidetzarekin batera, LGTBI banderaren koloreak dituzten koloreetako bankuak margotzeko hiriko erdigunean, «LGTBI kolektiboaren askatasunaren, duintasunaren eta errespetuaren aldeko borrokaren alde».

Udal taldeek azaldu dutenez, «ekimenaren helburua bikoitza da: alde batetik, oraindik diskriminazioa eta gaitzespen soziala jasaten duen kolektibo bat ikusaraztea, eta bestetik, hiriko altzarien bidez pedagogia egitea».

Tadeek aitortu dute «keinu xumea dela baina Udalak askatasunaren, duintasunaren eta LGTBI+ kolektiboaren aldeko borrokaren aldeko konpromiso irmoa duela» erakusteko balio duela.

Adierazpena azaroaren 25an onartu zela gogoratu dute taldeek. Azaldu dutenez, «adierazpen
horrek berekin zekarren LGTBI+ kolektiboen proposamenekin lan egiteko baldintza, eta
horixe da, hain zuzen ere, gobernu taldeak bete ez zuena».

Izan ere, «ikusgarritasuna lortzeko, beste hiri askotan egin den bezala, kolektiboek honako kokaleku hauek proposatu zituzten: Udaletxe plaza, Gaztelu plaza, Sarasate pasealekua, Carlos III, Zaldi Zuria, Ziudadela, Baiona etorbidea edo Takonera».

«Gobernu taldeak, beste behin ere, parte-hartze prozesuekin eta herritarren iritziarekin duen begirune eskasa erakutsiz, LGTBI kolektiboen proposamenei muzin egin die, eta auzia zokoratu eta ezkutatu egin du, azaroaren 25eko pasealekuan eta Media Luna eta Runa parkeetan, San Pedroren ondoan, hiru banku jarriz», kritikatu dute udal talde hauek.

Nabarmendu dutenez, «Gobernu-taldeak ez zuen akordioa bete, eta, beraz, beharrezkoa da kolektiboen proposamenei berriro heltzea eta hiriaren erdigunean lekurik egokienak aukeratzea, Udalak apustu argia egin dezan eskubide-berdintasunaren alde eta sexu-orientazioagatik eta sexu- edo genero-identitateagatik diskriminaziorik ez egitearen alde».