INFO

Lekunberriko kuartela herriarentzat izatea eskatu du berriz EH Bilduk

Duela hamalau urte, Lekunberriko Udalak Guardia Zibilaren kuartelaren eraikina erosi zuen. Halere, bertan jarraitzen dute, alokairurik ordaindu gabe. Egoera horrekin amaitzeko proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk hilaren 25eko batzarrean, baina Lekunberri Taldeak aurka bozkatu zuen eta ez zen onartu.

Lekunberriko kuartelaren irudia.

Joan den legealdian egin zuen bezala, hilaren 25ean Lekunberriko Udaletxean izandako batzarrean Guardia Zibilaren kuartela herriarena dela eta herriaren beharretarako erabili behar dela nabarmentzen duen mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk. Duela bi urte gertatu zen bezala, Lekunberri Taldeak ez zuen proposamena onartu eta ez zen aurrera atera.

EH Bilduk gogoratu duenez, Lekunberrin Guardia Zibilak okupatzen duen eraikina Udalarena da. Duela hamalau urte inguru, Udalak, Nafarroako eta Estatu espainoleko gobernuekin negoziatu ondoren, 226.000 eurotan erosi zuen eraikina. Gaur egun, ordea, Guardia Zibilak 800 metro koadroko eraikinean jarraitzen du kuartel bezala erabiliz.

Urte hauetan Guardia Zibilak dohainik eta mugarik gabe erabili duela eraikina salatu du EH Bilduk. 2007. urtean sinaturiko kontratuan azaltzen da Guardia Zibilak eraikina bere beharretarako erabiltzeko aukera izango duela, nahiz eta Udalak erosi eta ordaindu duen. 

Gauzak horrela, EH Bilduk aurkezturiko mozioan, eraikina Lekunberriko herriarena dela nabarmendu ondoren, kontratuan azaltzen den klausula hori aztertzea eskatzen zen. Modu honetan, Guardia Zibila eraikinean geratzeko «eskubidea» legezkoa den ala ez jakin nahi zuen EH Bilduk.

Honez gain, Guardia Zibilak kuartela erabili duen urte hauengatik alokairua eskatzea ere proposatzen duen EH Bilduren mozioa. Bide batez, eraikinari zein erabilera emango zaion erabakitzeko prozesu partehartzaile bat abiatzea eskatzen zen.

«Zoritxarrez, Lekunberri Taldeak uko egin dio gure proposamenari, alternatibarik aurkeztu gabe, orain ez omen delako momentua. EH Bilduren ustez, aldiz, krisi-garai hauetan, udalerriarentzat funtsezkoa da proiektuak garatzeko espazioak edukitzea, eta uste dugu urte asko igaro direla eraikin honen egoera argitu gabe. Horregatik, lanean jarraituko du eraikin hori herrira itzul dadin. Eta datozen asteetan ekimen gehiago sustatuko ditugu», gaineratu du talde abertzaleak.