INFO

Etxebizitzaren gaineko eztabaida gori-gori Ipar Euskal Herrian

Hendaiako zenbait karriketan zifra adierazgarriak agertu ziren margotuta asteburuan. Udal garbitzaileek pintaketak fite ezabatu bazituzten ere, zeresana eman du etxebizitzen metro koadroaren prezioa irudikatzeko balio izan zuen ekimenak.

Gaztelu Zahar frontoia.

Hendaia hiriguneko hainbat horma bustita ziren astelehen goizean. Udal garbitzaileek asteburuan zehar etxebizitzen prezioaren gorakada salatzeko hainbat paretetan agertu ziren pintaketak ezabatu zituzten.

Etxebizitzen metro koadroak kalez kale egiten duen batez besteko prezioa irudikatzea xede zuen  ekimena ez da azkenaldian gertatu den bakarra. Pandemiak era askotariko albo kalteak ekarri ditu, besteak beste, higiezinen gaineko presioa are jasangaitzagoa bilakatu du. Orain dela zazpi urtetik hona Hendaiako Laguillon higiezin agentzian lan egiten duen Iker Zurutuzak Kazeta.eus atariari azaldu dionez, pandemiaren urtean etxebizitzen prezioak %15 eta %20 artean igo ziren hirian.

Hainbat salerosketa operazio bereziki deigarri izaki, tokian tokiko protestak ugaritu egin dira. Urte hasieran, mendiko etxe baten salmenta salatuz margoketak egin zituzten Bidarrain. “600.000 euro? Aski da!” eta “Ez dugu onartzen, guk ere EHn bizi nahi dugu” leloak idatzi zituzten etxearen hormetan.

«Denak ohar gaitezen: egoera horrek berdin segitzen badu, guk eta ondoko belaunaldiek Ipar Euskal Herrian bizitzeko aukerarik ez dugu ukanen», nabarmendu zuten margoketak egin zituztenek agiri batean.

Anartean, Biarritzen, luxuzko apartamentu bat metro koadroa 40.000 euroan saldu zen iaz,  higiezinen agentzia batek urte hasieran  aurkeztutako txostenean jakitera eman zenez. 2021eko neguko perspektibak jorratzeko xede zuen agirian, luxuzko etxebizitzekin lan egiten duen agentziaren salmentak pandemiaren urtean %30 emendatu zirela ere aitortu zuen Biarritzen eta Donibane Lohizunen bulegoak dituen Barnes taldeko kudeatzaile Philippe Thomine Desmazuresek.

Barnealdean ere arazo franko

Konfinamendu garaian Hexagonoko bertze eskualdetatik bezero anitz heldu direla onartzen dute higiezin bulego gehienetan. Hirigunetatik datozen pertsona horiek bertakoek baino «aurrekontu zinez altuagoa» ekartzen dutela maiz gaineratzen dute. Aitzinetik zetorren bigarren etxebizitzaren arazoari dimentsio are handiagoa eman diezaioke pandemialdiak.

Lapurdiko kostako herrietan soilik ez, barnealdean ere joera aski berdina dela azaldu du Ligi-Atherei herriko auzapez Pierre Quihillaltek. Herrian dauden 151 etxebizitzetatik 66 bigarren etxebizitzak direla baieztatu du.