Zoratuta zaudete (baina maite zaituztet)
2003ko maiatzaren 28a oso ondo gogoratzen dut: hurrengo egunean Unibertsitatean azterketa bat izango nuen. Soziologia? Batek daki, hau egia esan ez dut ondo gogoratzen. Hala ere, 27an ezin izan nuen lorik egin: zero patatero.
Sekulako beroa egiten zuen baina batez ere Champions League-ko finalaren bezpera zen: Milan-Juventus, eta ni Milanzalea naiz, %100ean Milanzale. Egun haietan ez nuen ezer jan, edan, bai (beroagatik). Tentsioa nabarmena zen. Eta aldi berean ikasi egin behar nuen.
Zoratuta nengoen? Baietz uste dut. Jendeak begiratzen ninduen: ‘Ondo zaude, Alessandro?’. Klasean kirol-egunkariak eramaten nituen, finalari begira edozein gauza kontrolatzeko.
Gaztea nintzen, egia esan; ez nekien benetako bizitza nolakoa zen. Baina ni italiarra naiz eta Winston Churchillek azpimarratzen zuen bezala, ‘italiarrek futbol norgehiagokak galtzen dituzte, gerrak bezala’.
Zuek aldiz... Ikusten zaituztet: langile, nekaezinak, temati, otorduak mantentzen, garagardoak edaten (merezita daude)... Udaberria dator airean, baina Kopa ere badago: orduan, emazte eta senarrak elkarren aurka, seme-alabak eta gurasok, aitonak ere bai, koinatuak... koinatuen kontra, jakina.
Hainbat balkoi ikusi ditut, koloretsuak, banderaz beteta: Athleticekoak, Errealakoak. Italieraz, norbait zoroa dela adierazi nahi dugunean honela esaten dugu: ‘Sei fuori come un balcone’, hau da, ‘Balkoi bat bezain erotuta zaude’.
Ez dago beste gairik, zoragarria da benetan: zuek guztiak besarkatzea gustatuko litzaidake, baina ezinezkoa da. Baina zein polita zoramena ikustea, benetan. Oso normala da, momentu horietan, burua galtzea edo nonbait ahaztea. Arrazionalak izango bagina, zein nolako bizitza aspergarria izango genuke. Orduan, zorte on, gero eta gehiago maite zaituztet, nahiz eta zoratuta egon. Ni bezalakoak zaretelako: orain dela 18 urteko ni nintzen hura bezalakoa, noski.
P.D: Bide batez, azterketan super-nota bat jarri zidaten irakasleek, 28 bat-edo, hemen 8 edo 9 bat izango litzatekeena. Eta batez ere nire Milanek Champions League irabazi zuen, penaltiz. Ze gozamena!