INFO

Nafarroan pixkanaka hasi dira 65 urtetik beherakoak ere txertatzen

Nafarroak azkartu egin du txertaketa-prozesua egunotan, eta adin-talde berrietara zabaldu du kanpaina, dosi-sorta berriak dituelako eta txertaketa-ekipoak eta -gailuak Aste Santuko egun guztietan martxan daudelako.

Erizain bat AstraZenecaren txertoaren dosi bat prestatzen. (Ishara S. KODIKARA/AFP)

Nafar Gobernuak 65 urtetik beherakoen txertaketari ekin dio pixkanaka, atzo, ostirala, jaso zuen Astra Zenecaren 14.300 dosiko partida berria baliatuz. Urrats berri honekin batera, funtsezko talde profesionalen txertaketak aurrera darrai, «bukatzeko gutxi falta bada ere».

Dosiak ematen ari zaizkien 65 urtetik beherako lehen pertsonei modu proaktiboan egiten zaie zitazioa –adin handienetik txikienera–, jasotzen duten telefono-dei baten bidez.

Bestalde, Nafarroak 80 urtetik gorako biztanleen txertaketarekin ere aurrera egiten jarraitzen du eta datorren asteartean, hilak 6, amaituko da talde horri lehen dosia ezartzeko prozesua.

Era berean, 70 eta 80 urte bitartekoen taldearen zuzeneko zitazioa ireki dute, adin handienetik txikienera. Horrela, larunbat honetan hasi zaizkie hitzordua ematen Iruñeko 79 eta 78 urteko pertsonei.

Datorren asteko kronograma

Iruñerrian, aste osoan jarriko dute txertoa, astelehenetik igandera, NUPeko frontoian eta FOREMen. Guztira, apirilaren 1etik (osteguna) hilaren 11ra arte, AstraZenecaren 12.230 dosi jartzea aurreikusten dute. Halaber, larunbatean, apirilak 10, eta igandean, Maristen Ikastetxe zaharrean ere jarrituko dituzte txertoak.

Horrez gain, asteartean Donezteben (kiroldegia); asteazkenean Auritzen (osasun-zentroa), Izaban (frontoia) eta Zaraitzuko haranean (Ezkaroz haraneko etxea); ostegunean Agoitzen (frontoia) eta Ultzaman (frontoia); eta ostiralean berriro Auritzen.

Tuterako eremuan, astelehenean txertaketa prozesuak funtsezko taldeekin eta 65 urtetik beherakoekin jarraituko du, eta astearte, asteazken, ostegune, ostirale eta larunbatean Sofia Erregina Ospitalean jarriko dituzte txertoak; bertan, dosiak ematen jarraituko zaie oinarrizko zerbitzuetako profesionalei (bigarren mailakoei) eta 65 urtetik beherakoei. Bestalde, ostegunean, 80 urtetik gorakoei ere jarriko diete txertoa Corella eta Cintruenigoko osasun-zentroetan eta Castejon eta Fiteroko kontsultategietan; ostiralean, berriz, Ablitas, Cascante, Monteagudo, Murchante, Buñuel, Cabanillas, Ribaforada, Cortes, Fustiñana, Valtierra, Arafreda, Kadanita eta Arafredasko (larunbatean) osasun-zentroetan eta kontsultategietan. Aste amaierara begira, 80 urtetik beherakoen kasuan hasiko da prozesua, adin handienetik txikienera.

Lizarrako eremuan, apirilaren 7an eta 8an, asteazken eta ostegunean, 80 urtetik gorako 1.900 pertsona ingururi emango zaie txertoa. Prozesu hori bi egunetan egingo da Lizarran (Musika Eskola), Lodosan (Kultur Etxea), San Adrianen (gazte-etxea), Villatuertan (kiroldegia), Ancinen (frontoia), Allon (udaletxea), Vianan (kiroldegia) eta Los Arcosen (Kultura). Halaber, hilaren 6an, Astra Zenecaren txertoak jarriko dituzte Lizarrako Garcia Orcoyen ospitalean.