INFO

Oztopoak oztopo, Zaldibarko hondamendia salatu dute Zallan hamalau hilabete igarota

Hamalau hilabete bete dira gaur asteartean Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran hil zituen istripua gertatu zenetik, eta aurreko hilabete guztietan bezalaxe kalera atera dira ehunka lagun, egiaren alde. Zallan Udalak pankartak kendu dituela salatu dute.

Lore sorta Zallan, Beltranen omenez, apirilaren 6. honetan. (LAB)

Hilero 6. egunean gertatzen den bezalaxe gaurkoan ere, istripua gertatu zenetik hamalau bete direlako, zenbait herritan elkarretaratzeak egin dira. Bi helburu izan dituzte: hondamendiaren egia aldarrikatzea eta bi biktimak gogoan gordetzea, are gehiago Joaquin Beltran oraindik ere agertu gabe dagoela jakinda.

Zallatik abiatzen zen Euskal Herriko Itzuliko etapa eta horrexegatik zenbait pankarta jarri dituzte auzokideek, apirilaren 6. honetan, baina Udalak kendu dituela salatu dute.

 

Zallako auzokidea zen Joaquin Beltran. Bere gorpua oraindik ez da Zaldibarren aurkitu eta luze jo dezakete bilaketa lanek. Duela bi aste zabaldu zenez, zenbait objektu ageri da bilaketa eremuan baina ez dago itxaropenerako tarte handirik. Alberto Sololuzeren gorpuzkinak pasa den abuztuan aurkitu zituzten.

Bitartean, bi auzi ezberdin abiatu dira Durango auzitegian, bata ingurugiro delituari dagokiona eta bestea langileen osasun eskubidearen ingurukoa. Baina horietan ere berri gutxi-gutxi, ia batere ez, hamalau hilabete hauetan zehar.