Nicolas Guerendiain Irungo elkarteak II. Errepublikaren 90. urtemuga ospatuko du
Nicolas Guerendiain Irungo elkarte errepublikarrak hainbat ekitaldi antolatu ditu apirilaren 14ko asterako, bai Gipuzkoako hirian bai Hendaian, Bigarren Errepublika aldarrikatu zenetik 90 urte igaro direla oroitzeko.
Bigarren Errepublika aldarrikatu zela 90 urte bete direla oroituko du Nicolas Guerendiain Irungo elkarte errepublikarrak. Horretarako egitarau berezia prestatu du hurrengo asterako, apirilaren 14aren inguruan. Gipuzkoako hirian ez ezik, Hendaian ere eginen dira ekintzak.
Nicolas Guerendiain elkarteko kideek azaldu dutenez, alde batetik, larunbat honetatik datorren apirilaren 18ra 1931ko Errepublikaren eratzearen artikuluak erakusten dituzten kartelak ikusten ahalko dira Irungo Luis Mariano kaleko lorategietan.
Bestetik, asteartean, apirilaren 13an, arratsaldeko zazpietan, bandera errepublikarra jasoko dute San Juan plazan eta bertan egonen da apirilaren 15ean, eguerdian, jaitsi arte.
Gudariei omenaldia zubian
Bigarren Errepublikaren urteurrena ospatzeko ekintza gehiago ere izanen dira. Asteazkenean, hilaren 14an, karabana errepublikar bat ibiliko da Irungo kaleetan barna, Stadium Galetik aterata.
Urtemuga borobila oroitzeko egitaraua apirilaren 17an bukatuko dira, larunbatarekin. Orduan, 11.00etan, Irun eta Hendaia arteko Etorbideko zubian Bigarren Errepublikako gudariak omenduko dituzte, Ipar Euskal Herriko memoria elkarteek antolatuta. Iragarri dutenez, besteak beste, Kotte Ezenarro Hendaiako alkatea mintzatuko da ekitaldian.