INFO

«Herritarren hitza errespetatu» eta Aroztegia gelditzeko eskatu dute Lekarozen

Herritar ugari bildu zen asteazken honetan Lekarotzen Aroztegiako obrak hasi direla salatzeko. Herritarren hitza «errespetatzea» eskatu zuten eta nafar Gobernuak lanak martxan jarri dituen enpresari «nahi duena egiteko alfonbra gorria» jarri diola salatu.

Aroztegiako obrak hasi direla salatzeko elkarretaratzea egin zuten Lekarotzen. (Aroztegia eta gero zer?)

Aroztegia...eta gero zer? plataformak eta Baztango Gazte Asanbladak Lekarozen elkarretaratzea egin zuten asteazken honetan. ‘Herritarren hitza errespetatu. Aroztegia gelditu’ lelopean elkartu dira lagun ugari.

Tex enpresak Aroztegiako obrak hasi dituela salatzeko bildu ziren. «Lekaroztarrak eta Baztandarrak behin ta berriz agertu dira proiektuaren kontra. Baztango Batzar Nagusia eta Udala ere bai», ekarri zuten gogora. Golf zelaia, hotela eta 228 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute.

Era berean, «kontratuen auzitegiak obren esleipena bertan behera utzi zuen arren», nafar Gobernuak enpresari «nahi duena egiteko alfonbra gorria» jarri diola salatu dute.

«Gure onuraren inguruan mintzo dira, baina ez digute hitz egiten utzi. Naturaren onuraren inguruan mintzo dira, baina lurra zulatu nahi dute. Etorkizunari buruz solastatzen dute, turismo basatiak sortutako egoera honetan, etxerik gabe gauden bitartean», salatu zuen Gazte Asanbladak aurreko batean egindako agerraldian.

Aroztegiako obrek sortutako egoera honen aitzinean antolatzera eta ondoko egunetan eginen diren ekintzetan parte hartzera deitu dute Baztango Gazte Asanbladak eta Aroztegia...eta gero zer? plataformak.