INFO

Kopa osasun langileei eskaini die Realak

Koronabirusak sortutako egoera larrian «lehen lerroan» lanean egon diren osasun arloko langileei eskaini die Realak larunbatean Athleticen aurka irabazitako Kopa. «Kopa hau zuena da. Eskerrik asko».

Osasun langileak, Kopa eskuan eta Realeko jokalariak alboan dituztela. (FOKU)

Realeko ordezkaritza zabal bat, finaleko gola egin zuen Mikel Oyarzabal eta Asier Illarramendi kapitaina buru zirela, Donostiako Ospitaleko atarian agertu da gaur, ezustean, 09.30ean, irabazitako Kopa osasun arloko langileei eskaintzeko.

Pandemia garaian «lehen lerroan» lanean aritu diren pertsona horiek omendu nahi izan ditu, modu honetan, talde gipuzkoarrak. Bertan izan dira, era berean, Jokin Aperribay presidentea, Imanol Alguacil, entrenatzailea eta Mikel Merino, Aritz Elustondo eta Joseba Zaldua jokalariak ere.

Jende pilaketak ekidin asmoz, lehenago iragarri gabe gauzatu dute ekimena. «Eskerrik asko osasun langile guztioi eta lehen lerroan borrokan dabiltzan guztioi», adierazi du kapitainak. «Ez da urte erraza izan inorentzat eta haiek egunero egon dira buru-belarri. Protagonista nagusiak haiek dira, eskerrik asko».

Osasun langileek zintza txuri-urdinez jantzitako kopa jaso dute eta eskerrak itzuli nahi izan dizkiete jokalariei. Bereziki, Oyarzabali eta Imanol Alguacil entrenatzaileari, behin partida amaituta, «izan zituzten hitzengatik eta momentu horietan gurekin oroitzeagatik», adierazi du Itziar Perez ospitaleko gerenteak.

Era berean errealzaleak zoriondu nahi izan dituzte ospakizunetan erakutsitako jarreragatik. «Ez dira une onak eta denon beharra dago honi aurre egiteko. Ea lehenbaitlehen Anoetan ikusten dugun elkar».

Omenaldi hau «aspalditik» buruan zuela jakinarazi du Aperribayk. «Udan, pandemiaren hasieran, Kopa irabaziz gero Donostiako Ospitalera etorriko ginela pentsatu genuen, osasun-langileei eskaintzera, horiek baitira aurtengo benetako egileak, eta horretarako gaude hemen», laburbildu du Aperribaik.