INFO

Aste bateko atzerapenarekin bada ere departamendu eta eskualde bozak, ekainean

Aste bateko gibelaldi batekin bada ere eskualde eta departamenduen kontseiluak berritzeko bozak ekainean egiteko frantziar lehen ministroa del Jean Castexek aurkezturiko proposamena babestu du gaur iluntzean Asanblea Nazionalak. Bozak ekainaren 20 eta 27an eginen dituzte.

Castex lehen ministroa Valerie Pecresse Ile-de-France eskualdeko presidentearekin batera txertatze gune batera eginiko bisitan. (Bertrand GUAY/AFP)

Frantziako Asanblea Nazionalak babestu du departamendu eta eskualde bozak ekainaren 20an ea 27an egiteko Jean Casetx lehen ministroak aurkezu duen proposamena. 

Auzapezekin kontsulta egin ostean, aste bateko atzerapenarekin bada ere bozak egiteko aukera hobetsi zuen frantziar Gobernuak. Hexagono mailan bozak ekainean egitearen aldeko hautua nagusitu zen, auzapezen %56k aukera hori hartu baitzuten.

Ipar Euskal Herria barne duen departamenduaren auzapez gehienak, ordea, ekainaren 13an eta 20an egieko ziren hauteskundeak gibelatzearen alde azaldu ziren.

Bozketan parte hartu zuten alkateen artean %60k departamendu eta eskualdetako kontseiluak berritzeko hauteskundeak atzeratzearen alde egin zuten.

Frantziar presidente Emmanuel Macronen aliatu den MoDem alderdiko burua izateaz gain Paueko auzapez den François Bayrouk berak bozen gibelatzaren alde egin zuen.

«Herritarren arreta guztia osasun egoeraren gainean jarrita delarik ez dela zentzuzkoa hauteskundeak egitea» uste du buruzagi zentrista biarnesak.

Batzorde zientifikoak ez du irizpide zehatzik eman, baina organu hori bozak ekainean egitearen kontra mintzatu ez denez, Parisko Gobernuak, auzapezen iritzia oinarri gisa harturik –alkateen %69k hartu zuten parte inkestan– ekainean bozak egitea proposatu du.

Asanblea Nazionaleko presidente den Richard Ferrandek aurreratu bezala, Jean Castex lehen ministroak astebeteko gibelaldi batekin bada ere bozak ekainean egitea proposatu du gaur arratsaldean ganbera horretan egin duen agerraldian.

Ondoko bozketan gehiengo handi batekin -443 boto alde, 73 kontra eta 13 abstenzio- Asanblea Nazionalak babestu du erabakia. Bihar Senatuan azalduko du hauteskundeei buruzko proposamena Castexek.

Hala ere hauteskunde kanpainan zehar osasun krisari loturiko neurriak atxikiko dituztela jakitera eman du lehen ministroak.

Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herriari dagokionez, hautesleek Pirinio Atlantikoaren Departamenduko kontseiluan eseriko diren ordezkariak bozkatuko dituzte.

Zehazki departamenduak 27 kantonamendu ditu eta horietarik 12 euskal lurraldean kokatzen direnez Zubero, Nafarroa Behere eta Lapurdiko herritarrek udalerri horiek Pauera bidaliko dituzten ordezkariak hautatuko dituzte.

Akitania Berriko kontseiluak 183 ordezkari ditu eta Bordelen bere egoitza nagusia duen erakundeko gobernu berria hautatzeari begira zerrenda bakarraren sistemaren arabera antolatzen dira hauteskundeak. Oso lurralde eremu zabala izanik (6 milioi biztanle biltzen ditu makroeskualde horrek) Ipar Euskal Herriaren ikusmoldea aski apala da bozka horietan.