INFO

Donostiak MAN etxearen 12 metroko autobus elektrikoa probatuko du bidaiariekin

Datozen bi asteetan Dbusek MAN etxearen Lion's City E modeloko 12 metroko autobus %100 elektrikoa probatuko du benetako zerbitzuan, bidaiariekin. Autobusak egunean 250 kilometrotik gora egiteko autonomia du.

Dbusek apustu garrantzitsua egin du mugikortasun elektrikoan pausoak emateko. (DBUS)

Donostiako Dbusek MAN etxearen 12 metroko autobus %100 elektrikoa probatuko du heldu diren bi asteetan. Zehazki, 24-Altza-Gros-Antiguo-Intxaurrondo eta 33-Larratxo-Intxaurrondo-Antiguo-Berio lineetan egingo dira probak, erabiltzaileekin eta benetako baldintzetan. Ibilbide zorrotza duten auzoarteko bi linea dira, egunero batez beste 240-270 kilometro egiten dituztenak. Ibilgailu honekin orain arte Donostian probatutako autobus elektrikoen autonomia gainditzea espero da.

Dbusek azaldu duenez, autobus berria gauez kargatzen da kotxetegietan, hiru ordutan, 12 metroko beste autobus elektriko batzuekin alderatuta denbora gutxiagoan, eta ez dauka kargatu beharrik ibilbidea egiten ari den bitartean. Bateriek 480 kWh-ko edukiera dute, eta 150 kW-ra arteko karga potentzia. Proiektu pilotu honekin, beraz, autobus elektrikoen teknologia honen egungo autonomia muga gainditu nahi da.

400 kilometrora arteko autonomia helburu

Gaur egun, MAN baterien belaunaldi berri batean ari da lanean, datozen urteetan 400 kilometrora arteko autonomia posible egiteko helburuarekin, Dbusen operazio betekizunetara egokituta. MAN Lion 's City E modeloak ahalbidetuko du egungo bateriak bateria berri horiekin eguneratzea, ibilgailuaren autonomia areagotuta eta zerbitzuan fidagarritasun handiagoa eskainita.

Dbusen probatuko den autobusak flotan sartu diren azken autobus hibridoen estetika bera du, MAN Lion 's City (12c) Euro 6d modeloa, DGTren Eco etiketarekin, aurreko beira zabalagoekin eta lineari eta helmugari buruzko informazioa eskaintzen duten autobusaren kanpoaldeko kartel ikusgarriagoekin. Barrualdeari dagokionez, diseinu argia du, eta leku gehiago autobusaren atzealdean, lau eserleku gehiagorekin.

Dbusek MAN fabrikatzailearen 31 autobus hibrido ditu. Nabarmendu duenez, elektromugikortasunari dagokionez urteotan apustu garrantzitsua egin du teknologia berrietako autobusekin eta hainbat fabrikatzailerekin proiektu pilotuak sartu eta abian jartzearen alde. Flotan 12 metroko hiru autobus %100 elektriko, 12 metroko 50 hibrido eta 12 eta 18 metroko ibilgailu %100 elektrikoak ditu, baita autobus hibrido elektriko bat ere. Horiekin guztiekin Araba, Bizkai eta Gipuzkoako flotarik jasangarrienetako bat dela agertu du.