INFO

Errepublikaren 90. urteurrenean, nostalgiatik aldarrikapenerako bidea Eibarren

Eibarko herriak Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen egun hura gogoan izan dute gaur goizean. 90 urte bete dira baina, pandemiak horrela aginduta, ez da ospakizun handirik egin. PSEk egindako ekitaldian nostalgia soma zitekeen; Arnaldo Otegiren mintzaldian, erreibindikazioa.

Untzagako plazari begira, Errepublikaren ikurra. (NAIZ)

Gaurko egunez, 1931n, Eibarren Espainiako Errepublika aldarrikatu zuten hauteskundeak errepublikano eta sozialistek irabazi ostean. Goizeko 6.00ak inguruan ziren eta Untzagako plaza herritarrez lepo zegoen, pozik, garai berri baten hasieraren hastapen hartan.

Toribio Echevarria eibartar idazleak ‘Viaje de los Recuerdos’ liburuan horrela deskribatu zuen: «...y antes de las seis de la mañana habíase congregado el pueblo en la plaza que se iba a llamar de la República, y los concejales electos del domingo, por su parte, habiéndose presentado en la Casa Consistorial con la intención de hacer valer su investidura desde aquel instante, se constituyeron en sesión solemne, acordando por unanimidad proclamar la República. Acto seguido fue izada la bandera tricolor en el balcón central del ayuntamiento, y Juan de los Toyos dio cuenta desde él al pueblo congregado, que a partir de aquella hora los españoles estábamos viviendo en República». 

Ia mende baten buruan, Untzagak beste itxura zuen asteazken eguerdi honetan. Plazaren goiko aldean asteroko azokaren bizitasuna; Untzagan, ohiko jubilatuak, goizeko eguzkiaz gozatzeko paseotxo geldoan, eta Udaletxearen aurrean, mugimendua. EH Bilduk bere 10. urteurrenaren inguruko kale erakusketa ikusgai jarri baitu egun garrantzitsu honetan.

Halere, hutsune deigarri bat Estatuan Errepublika aldarrikatu zuen herriko udaletxean: ez baita errepublikako ikurrik jarri. Azken urteetan ez dago hori egiteko ohiturarik, antza.

Udaletxearen ondoan dagoen ‘Casa del Pueblo’ eraikineko balkoi nagusian zintzilikatu dute, ordea, PSEko ordezkariek errepublikanoen ikurra. Egun batez soilik. Eibarko alkate berriak, Jon Iraolak, eta Juanito de los Toyosek, 90 urtetik gorako sozialista beteranoak –aita Errepublikako ministroa izan zuen– zabaldu dute ikurra ‘Gora errepublika’ oihuen artean.

Ondoren, Txantxa Zelai parketik, suzirien jaurtiketa eta familia argazkia atera dute bertan kokatutako auditoriumean. Toki ikonikoa da, bertan egiten baitira Eibarren hileta zibilak.

Otegi: «Errepublika ez, Errepublikak»

Plazan, Arnaldo Otegi EH Bilduko buruak beste hausnarketa batzuk zituen: «Orain dela 90 urte plaza hau bete egin zen Errepublika aldarrikatzeko. Esan dezakegu ‘inbisibleek’ plaza okupatu zutela eta zentzu horretan, urte asko pasatu badira ere, badira hainbat eta hainbat gauza errepikatu egiten direnak».

Paralelismo ugari aurkitu baititu Otegik, esaterako Estatuaren buruan «Borboi bat zegoen, babestu eta sustatu zuen Primo de Riveraren diktadura eta Berenguerren diktablanda». Haiek ikurrina eta euskara, eta katalana eta senyera debekatu zituzten, eta «Borboi hark, hauteskundeak antolatzeko, Aznar bat aukeratu zuen, Aznar almirantea, alegia». 

Errepublika aldarrikatu zuen plaza horretan gaur egungo egoera ekarri du gogora EH Bilduko buruak: «Ez da Errepublika proklamatzea soilik, errepublika aldarrikatzea baizik: euskal Errepublika, katalan Errepublika, iberiar herri guztien Errepublika». Eta argi esan du ere: «Ez da beharrezkoa, onartu ezazue, hobe izango litzateke egiteko gai izango bazinate, baina herri honek agindu argi bat, demokratikoa eta herritarra ematen digunean ez dugu baimenik eskatuko, eta erabakiko dugu, zalantzarik gabe, gure Errepublikaren alde».