Espazio berri bat okupatu du AZET etxebizitza sindikatuak Alde Zaharrean
Larunbat arratsaldean ‘Etxebizitza ez da negozioa’ lelopean egindako mobilizazioaren ondoren, AZET Bilboko Alde Zaharreko etxebizitza sindikatuak Etxebarrieta Anaien Plazan okupatutako espazio berri bat aurkeztu zuen.
‘Etxebizitza ez da negozioa!’ lelopean AZET Alde Zaharreko etxebizitza sindikatuak deitutako mobilizazioa Santiago plazatik abiatu zen, eta Bilbo Zaharretik eta San Frantziskotik igaro eta gero, Etxebarrieta plazan bukatu zen. Bertan, sindikatuko kideek okupatutako espazio berri bat aurkeztu zuten.
«Etxebizitza ezin da negozio bat izan, ezin da izan betikoek gure miseriatik etekina ateratzeko beste modu bat. Etxebizitzaren arazoa gaur egungo gizarte kapitalistan dagoen arazo larrienetariko bat da desjabetuontzat. Aurretik esan bezala, ezinezkoa baita etxebizitzaren arazoa ulertu, dominazio kapitalista ulertu gabe», nabarmendu zuen AZETek plazan egindako hitzartzean.
Etxebizitzaren arazoa estrukturala dela nabarmendu zuten, «gure bizitzetako esparru guztiak zeharkatzen dituena». «Etxebizitzarena klase arazo bat da, etengabe eta modu sistematikoan zapalkuntza arrazista eta patriarkal gisa ere materializatzen dena», gaineratu zuen bozeramaileak.
Ziurtatu zutenez, emakume edo migratzaile izateagatik «egunero jasaten ditugun indarkeria guztiak» alokairua bilatzeko unean, jabeen eta azpierrentatzaileen «gehiegikerietan», erakundeei edo gizarte-laguntzak eskatzeko unean «erreproduzitzen» da.
AZETek jabetza pribatua jarri zuen arazoaren oinarritzat: «espekulazio inmobiliarioa ez da sistemaren disfuntzio bat, kapitala metatzeko mekanismo bat baizik, are gehiago krisi garaietan. Horregatik ez da nahikoa espekulazioaren kontra borrokatzearekin, ez badugu mahi gainean jartzen honen funtsa eta oinarri dena: jabetza pribatua».
Etxegabetze arriskuak maiatzareako
Era berean, gogoratu zuten etxebizitza sindikatuaren kideen artean 4 etxegabetze data daudela ezarrita maiatzerako: Maiatzaren 5ean Marzana kalean duela 10 urte baino gehiago bizi den familia bat; Maiatzaren 12an Leonor eta bere familia; maiatzaren 14an Udal Etxebizitza batean bizi den beste familia bat; eta beste kaleratze batzuk ejekutatzeko dataren zain jarraitzen dute.
Duela egun batzuk espainiar Gobernuak etxegabetzeen kontrako dekretua beste 3 hilabetez luzatuko dela esan zuen. Baina AZETen arabera, «hori ez du ezer konpontzen, arazoa atzeratu besterik ez: gaurko apurrak, biharko gosea».
Horregatik, etxebizitzaren arazoaren aurrean «klase-antolaketa eta auzodefentsa» aldarrikatu zuten: «Haiek gure etxeetatik atera eta jabetza pribatuaren alde egiten duten bitartean, guk berjabetzearen eta kolektibizazioaren alde egiten dugu. Espekulazioari alfonbra gorria jartzen dioten bitartean, guk okupazioaren aldeko apustu kolektiboa egiten dugu».
Espazio okupatu berria
Esan eta egin. Larunbateko manifestazioaren amaieran, Etxebizitza Anaien Plazan okupatutako espazio berria aurkeztu zuen AZETek.
Izan eren, espazio hori duela 15 urte ere okupatua izan zen auzoko gazteengatik gaztetxe bat sortzeko, baina desalojatua izan zen. Hortik aurrera espazioa hutsik eta erabili gabe egon da.
Espazio berria aurkeztu ondore, Udaltzaingoa gertatu eta AZETeko kide bat identifikatu zuela salatu du etxebizitza sindikatuak sare sozialetatik. Era berean, espazioa defendatzeko eta bizitzaz betetzeko lanean ari direla nabarmendu zuten.
Dagoeneko lanean gaude Etxebarrieta anaien plazan birjabetutako espazioan!
— AZET Etxebizitza Sindikatua (@AzTaldea) April 18, 2021
15 urtez hutsik egon ta gero eta hilabetez okupatuta egon ostean beste 15 urtez egon da hutsik espazio hau, auzoko hainbat etxebizitza bezala.
Bitarten, 40.000 etxegabetze aurreikusten dira maiatzerako. pic.twitter.com/1RdBT3jayk