INFO
Interview
Marie-Andree Ouret
Biga Bai elkarteko presidentea

«Legea bada, baina ez dakigu zein jarrera izanen duen Hezkuntza Ministerioak»

Hizkuntza gutxituei buruzko lege historikoa onartu zuen frantses Asanblea Nazionalak apirilaren 8an. Legeak izan ditzakeen ondorioei buruz mintzo zaigu Marie-Andree Ouret Biga Bai hezkuntza publiko elebiduneko gurasoen elkarteko presidentea.

Marie-Andree Ouret, Biga Bai elkarteko presidentea. (GUILLAUME FAUVEAU)

Ipar Euskal Herria euskararen irakaskuntzan askoz aitzinatuago dago hizkuntza propioa duten Estatu frantseseko beste eskualdeak euren mintzairekin baino. Gurasoen, irakasleen eta euskaltzaleen laguntzari esker lortu da hori, gehienetan, Hezkuntza Nazionalaren kontrakotasunari aurre eginez. Joan den astean frantses Asanblea Nazionalean bide horretan egoera aldatuko duen ‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ lege historikoa onartu zen.

Nola hartu zenuten Asanblea Nazionalak onartu berri duen hizkuntza gutxituak babesteko legearen berria?

Biziki berri ona da, eta ustekabekoa, ez genuen uste horrelako bidea eginen zuenik. Lege proposamena Libertes et Territoires talde parlamentario minoritarioko Paul Molacek aurkeztu zuen, eta normalean horrelakoek aukera gutxi dute pasatzeko. Hastapenean Gobernuak kenduak zituen irakaskuntzaren inguruan ziren artikulu guztiak, eta gero Senatuan berriz eman zituen, eta orain aurkeztu direlarik artikulu horiek pasatu dira, eta gehiengo handi batekin gainera, eta hori ez zen batere irabazia.

Zure ustez zerk eragin du legea onartua izan ahal izateko aldaketa hori?

Mentalitateak aitzinatzeko lana egina izan da duela urte bat baino gehiagotik. Artikuluak kendu ziren, baina ondotik Senatuan pasatu dira, erran nahi du senatariek, beraien artean ere lana egin zutela, batzuk besteen konbentzitzeko, eta Legebiltzarrean ere hori pasatu da.

Baina bien artean, elkarteek egin dute sekulako lobbyng lana. Adibidez, Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak, biltzen dituena Frantzian gaindi tokiko hizkuntzen aldeko elkarte kasik guztiak, kristoren lana egin du hautetsiak sentsibilizatzeko, eta diputatuak konbentzitzeko behar zutela lege horren alde bozkatu, bestela bazela aukera guztia gelditzeko Hondarrean. Momentu historikoa zen tokiko hizkuntzen alde lege azkar bat bozkatzeko eta lortu da. Pentsatzen dut jendea eta hautetsi guztiak sentsibilizatu direla gehiago gai honen inguruan; biziki ongi defendatua izan da.

Hezkuntzari loturiko artikuluak izan dira borrokatuenak. Badira bi hezkuntza publikoari lotuak. Zer ekarriko du horrek?

Batek erraten du, usaian erabiltzen diren hezkuntza sistemen artean, tokiko hizkuntzen irakasteko murgiltze eredua ere badela, eta horrek aitzinamendu handiak ekar ditzake. Euskal Herrian gara gehien aitzinatuak murgiltzea erabiltzen sail publikoan, baina biziki zaila izan da, eta esperimentazio moduan onartua izan da, salbuespen bat bezala. Aldiz, orain, nola legean idatzia izanen den, legez erraten ahal da murgiltzea erabiltzen ahal dela tokiko hizkuntzak irakasteko. Pentsatzen ahal da hemendik goiti murgiltze klase bat irekitzea errazago izanen dela.  Beharko luke garatu.

Besteak erraten du, hizkuntza bat erabilia den eremu osoan eskola publiko guztiek beharko luketela eskaini hori ikasteko parada. Normalki, legea indarrean sartuko delarik, erran nahiko luke Euskal Herriko eskola guztietan izan beharko litzatekeela sail elebidun bat edo euskara ikasteko orenak ordutegi normalean. Aitzinamendu erraldoia izanen da, seguru da ez dela berehala eginen, eta ez dela sinple izanen.

Orain arte, murgiltzearen, hau da, ikasgai guztiak euskaraz ematearen kontra jo nahi zelarik, antikonstituzionaltzat jotzen zen, Hiriburuko Baste Quieta eskolan ikasturte hasieran gertatu zen bezala. Lege honek hori bertan behera utziko du?

Bozkatu dena legea da, eta Konstituzioa beste zerbait da, baina egia da Legebiltzarrean izan diren eztabaidetan usu izan den argudio bat izan dela. Kontseilu Konstituzionalak zerbait erraten ahalko luke, baina aditu batzuk erran dute mintzatua dela janeko Kontseilu Konstituzionala, erran duela murgiltzea ez dela antikonstituzionala, baldin eta inposatua ez bada, eta ez da izanen. Baina behar da hortik pasatu. Kontseilu Konstituzionalak ez du deus erraten ahal lege horretaz, eta ez litzateke problemarik izan behar.

Heldu den urtean hiru eskola gehiagotan murgiltze eredua ezartzeko eskaera dago, baina Hezkuntza Nazionalak ezin izanen dela egin erran du, beste ikasturte bat itxaron beharko dela. Uste duzu lege honek hori alda dezakeela?

Zaila da jakitea, oso berria da oraindik, eta ez da harremanik izan oraindik Hezkuntza Nazionalarekin. Itxoin beharko da zenbait astez ikusteko zer dioten horretaz, legea ez da arras indarrean ere.

Politikoki badakigu legea barnean dela, baina ezin da erran hiru eskola horiek murgiltzea izanen duten, ziur dena da, gure aldetik, eskolen, gurasoen, hautetsien eta elkarteen aldetik pusatuko dugula, baina ez dakigu zein jarrera izanen duten.

Zein da hiru eskola horietan murgiltzea irekitzearen kontra ematen duten arrazoia?

Erraten dute protokolorik ez dela; bazen protokolo bat murgiltze klaseak plantan emateko, eta eraberritu behar zen. Iaz, urte hondarrean, izan ziren bilkurak Euskararen Erakunde Publikoaren baitan, ikusteko zein izan behar zen protokolo hori, eta ez dugu adostu, zeren eta Hezkuntza Nazionalak ezarri nahi zuen protokoloa biziki zorrotza zen, anitzez murrizten zituen murgiltze klaseak plantan eman ahal izatea. Horregatik ez da protokolorik, eta horrekin dena blokeatua da.

Eskola horiek eta herri horiek aitzinatzen entseatzen ari dira, erranez badela galdera bat. Gutun ofizialak idatzi dizkiote Hezkuntza Nazionalari, baina orain arte ez zuen aditu nahi, ez zuen fitsik erantzuten; orain pentsatzekoa da legearekin gauzak aldatzen direla, eta indar harremana ez dela berdina izanen, baina, teorian, behar du Hezkuntza Nazionalak onartu. Behar diren irakasleak behar dira toki horietan ezarri, ez da egiten ahal beraien kontra, behar du doi bateko borondate ona erakutsi, eta momentuan, ez dakigu zer eginen duen.

Euskararen Erakunde Publikoko presidente Antton Curutcharryk NAIZi esan zion lege honek negoziazioetan anitz lagunduko duela.

Seguru lagunduko duela, legea gure alde da, baina konkretuki-konkretuki heldu den sartzerako, ez da errana ongi pasatuko dela. Jean-Michel Blanquer hezkuntza ministroarentzat kolpea izan da lege hau ateratzea, ahal zuen guztia egin du ez ateratzeko, eta ikusi beharko da bere boterea erabiltzen duen, blokeatuz edo gibelatuz. Ezin da erran nola erreakzionatuko duen, baina seguru da ez duela lagunduko.

Protesta ekimenak izan dira azken asteotan bigarren hezkuntza publikoko bi lanposturen inguruan, Euskal Erakunde Publikoaren atearen aitzinera ere eraman zuten haien aldarria Euskara Geroan irakasleen elkarteko kideek. Zein erronka planteatzen dute bi lanpostu horiek?

Bigarren mailan, kolegioetan eta lizeoetan beharko lituzkete ikasgaien erdiak euskaraz izan, baina hastapenetik ez da horrela, kolegioetan euskara ikasgaia eta historia-geografia dira besterik ez. Orain arte irakasle eskasia izaten ahal zen, aldiz, orain, gero eta irakasle gehiago bada bere ikasgaia euskaraz ematen ahalko luketenak, fisika, matematika, biologia…

Irakasleak funtzionarioak direnez, norbait erretretara joaten delarik, bere ordezkoa euskaraz dakien irakasle bat izan dadin behar da finkatu ikasgai hori euskaraz behar dela irakatsi. Bestela, postu hori irekitzen da Frantzia guztian. Hezkuntza Nazionalak hori onartu behar du, eta, ez badu onartzen, kolegio horretan frantsesez ikasiko da ikasgai hori. Beraz, estrategikoa da, bestela galdua da postu hori euskararentzat.

Onartu berri den lege honek horrelako egoeretarako balio dezakeela uste duzu?

Zuzenki ez, baina bada tokiko hizkuntzen aldeko mugimendu bat agertzen dena, giroa pixka bat aldatzen da, hala ere, horrelako kasu zehatzendako lege honek ez du fitsik ekarriko. 

Bada ere Blanquerren eskutik  egin den lizeoen erreforma, hizkuntza gutxituen kalterako izan dena, eta lege honek ez du horretarako balioko.

Ez, lege horretan hori ere ez da aipurik.

Oraindik borrokarako arrazoi anitz badira beraz hezkuntza publikoan euskararen alde.

Bai, egia da bigarren maila gelditzen dela gibel, orain arte egin den bezala. Eta anitz bada egiteko, irakaskuntzaren kalitatean, ez soilik kantitatean, horren ondorioz jendea galtzen baita. Lehen mailan lorpen handia izan da murgiltze hori legeak sostengatzen duelako, baina bada egiteko kopuru ttipi horietatik atera eta gehiago izan dadin.