Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena oroituko du XXXIII. Rikardo Arregi sariketak
Martin Ugalde idazle eta kazetaria jaio zela ehun urte beteko dira aurten eta efemeride horri lotuta banatuko dira XXXIII. Rikardo Arregi kazetaritza sariak. Proposamenak aurkezteko epea irailaren 17ra arte dago zabalik.
XXXIII. Rikardo Arregi kazetaritza sarien banaketa ekitaldiak Martin Ugalde idazle eta kazetaria izango ditu gogoan. Izan ere, aurten bere jaiotzaren mendeurrena da. Hala iragarri dute astearte honetan sariketa aurkezteko egin duten aurkezpenean. Bertan izan dira Andoaingo Udaleko zinegotzi Alexander Huitzi eta euskara tekinkari Patxi Baztarrika, eta Lakuako euskararen promoziorako zuzendari Estibalitz Alkorta.
Iragarri dutenez, sariketara lanak aurkezteko epea irailaren 17ra arte dago zabalik eta sarituen izenak azaroaren 25an ezagutuko dira, ‘Martin Ugalde gogoan’ izenpean egingo den banaketa ekitaldian.
Bertan, 2020an Xabier Leterekin egin bezala, Ugalderen «obra, konpromisoa eta memoria» oroituko dira. «Martin Ugalde eta Rikardo Arregi elkartuko ditugu Basteron egingo den ekitaldi horretan, biak izan baitziren euskarazko kazetaritzaren modernizaziorako gakoak», nabarmendu du Huitzik.
Edizio honetan ere aurreko bi urteetako nobedadeak mantenduko dira eta, hala, bi sari banatuko dira, Kazetaritza Saria eta Komunikazio Saria (9.000 euro jasoko ditu saridun bakoitzak) eta kategoria bakoitzeko lau finalista izendatuko dira.
Lehena ekimen informatiboari eta irizpide periodistikoei lotuta joango da eta bigarrenak, aldiz, euskara komunikazio modu berritzaileei egokitzeko modua hartuko du kontuan. «Gure egunerokotasuna errazteko balio digun neurrian biziberrituko dugu euskara eta, horregatik, berebiziko garrantzia du gizartearen bizitzan horren garrantzizkoak diren kazetaritza eta komunikazioaren euskarazko sorkuntza, hedapena eta kontsumoa sustatzeak», esan du.
Alkortak, bere aldetik, «sari honen beraren urtez urteko ibilbidea da komunikabideetan euskarak bizi izan duen eta etengabe biziten ari den garapena hobekien islatzen duen lekukoa», nabarmendu du.