INFO

Eukaliptoa ugaritu ez dadin, 25 urtera igo du Gipuzkoak baso-espezieak mozteko adina

Eukaliptoak ezingo dira 25 urte bete aurretik moztu Gipuzkoan. Aldundiak, mota horretako landaketak «masiboki» handitzeak ekar lezakeen «desoreka» saihestea du helburu neurri honekin. Orain arte 10 urterekin moztu zitezkeen, baina neurria hemendik aurrera landatutakoei ezarriko saie soilik.

Eukalipto baso bat.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 25 urtera igo du lurraldeko baso-espezieak mozteko gutxieneko adina, banda marroiak kaltetutako pinu landaketek utzitako espazioetan eukaliptoa bezalako zuhaitzak ugaritu ez daitezen.

Horrela, eukaliptoaren mozketa ezin izango da, orain arte bezala, 10 urterekin egin eta pinuekin berdindu dute, 25 urtera igoz. Aldundiak adierazi duenez, Gipuzkoan eukaliptoaren presentzia «oso txikia» den arren (baso masa osoaren %1), «aurrea hartzea» erabaki du.

Helburua «Gipuzkoako baso-espezieen dibertsifikazioan» mota horretako landaketak «masiboki» handitzeak ekar lezakeen «desoreka» saihestea da, Aldundiak asteazken honetan zabaldutako ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Neurria aste honetako Gobernu Kontseiluak onartu du, eta indarrean sartzen denetik aurrera egiten diren landaketei aplikatuko zaie. «Baso politika eraginkorrak epe laburretik harago begiratzea eta etorkizuneko erabakiak hartzea eskatzen du. Helburua lurraldeko basoek ematen dituzten aktiboak mantentzea da, baso kudeaketa iraunkorrean sakonduz», nabarmendu du Aldundiak.

Arantxa Ariztimuño, Mendien eta Ingurune Naturalaren zuzendariak, asmoa «basoek gizarteari ematen dizkioten aktiboak kontserbatzen laguntzea» dela adierazi du, «paisaiari, ingurumenari, biodibertsitateari, baliabide berriztagarriei edo naturaz gozatzeari lotuta, lurraldearen ezaugarri izan den baso-kulturatik abiatuta».

Ariztimuñok azaldu duenez, «sektoreak aurre egin behar zion belaunaldi erreleboaren egiturazko erronkari» banda marroiak eragindako «inpaktu handia» gehitu zaio.

Foru-erakundea, 2020-2023 Plan Estrategikoaren esparruan, «nekazaritza ustiategien dibertsifikazioa sustatzeko, baso-kudeaketa osagarri gisa hartuta» lanean ari dela nabarmendu nahi izan du Aldundiak.