INFO

Presoak Euskal Herriratzearen alde agertu da Donostiako Udalaren gehiengoa

Donostiako Udaleko EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko taldeek agerraldia egin dute Etxerat eta Sarerekin batera, «beste espetxe politika bat» eskatuz eta euskal preso politikoak Euskal Herriratzeraren aldarriarekin bat eginez.

Donostiako EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, Sare eta Etxerateko kideekin batera. (Andoni CANELLADA / FOKU)

ELA, LAB, UGT, CCOO, ESK, Hiru, Etxalde, EHNE, CNT, CGT eta Steilas sindikatuek, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosekin batera, adierazpen bat aurkeztu zuten abenduan Bilboko Euskalduna jauregian, euskal presoen urruntzea amaitu eta egungo espetxe politika gainditzeko eskatuz. Bertan beste konpromiso bat ere hartu zuten, EAEko erakunde guztiei helaraztea.

Gaur Donostiako Udaleko EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko taldeek «espetxeetako lege orokorrak aurreikusten duena bete dadila» eskatu diote espainiar Gobernuari eta, zentzu horretan, espetxe zigorra dutenek «norbere ingurunetik deserrotu gabe» betetzea. Jon Insausti EAJko zinegotziak, Reyes Carrere EH Bildukoak eta Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiakoak irakurri dute adierazpena, Miramar jauregian.

Duela hamarkada bat Euskal Herriko politikaren egoera aldatu egin zela ekarri dute gogora, ETAren su eten iragarpenarekin. Horregatik, «premiazkotzat» jo dute urruntze politikarekin amaitzea.

Honela, Madrilgo Gobernuari «EAEko gizartearen eta abenduko adierazpenaren sinatzaileen sostengu osoa» helarazi diote, «espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak» eman eta «iraganeko logiken araberako legerian oinarritutako egoera behin betiko gaindituz».

Patricia Velez, Etxerat elkarteko bozeramailea, eta Joseba Azkarraga, Sare plataformako kidea, izan dira hiru zinegotziekin batera eta bai espainiar zein frantziar gobernuen «pausoak» espero dituztela nabarmendu dute, alderdi eta sindikatuen konpromisoa txalotu aurretik.