Giza eskubideei buruzko Trivial antzeko jokoa antolatu du GGKEen Koordinakundeak
Giza eskubideen egoerari buruzko jokoa prestatu du EAEko Garapenerako GKEen Koordinakundeak, Trivial baten antzera. Web orrian sartu, izena eta emana eta jokoan hasi gaitezke. Munduak bizi duen egoerari buruz ikasteko aukera ezin hobea da. Eta sari bat eskuratu genazeke ere.
Katamotza, hontza ala satorra zara? Giza eskubideen gaineko ezagutza maila zein den jakiteko, animalia hauek osatzen duten eskalarekin prestatu du Begiratu izeneko jokoa Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak. Web orrian (www.ongdeuskadi.org) sartu eta, izena eman eta gero, hamar galdera erantzun behar dira.
Arlo desberdinetako galderetako bakoitzari erantzun eta gero, gaiari buruzko azalpen txiki bat eskeintzen dira. Gure kasuan, lehen galderarekin jakin ahal izan dugu galtza bakero bakar bat ekoizteko 3.000 litro ur behar direla, Caritas elkarteak emandako datuen arabera. Asmatu dugu. Aurrera goaz.
Bigarren galdera. Munduan dauden biztanleen artean %1 aberatsenak beste guztien %99a baino diu gehiago irabazten du, Oxfamen arabera. Hau ere asmatu dugu.
Hirugarrena. Munduan emakumeek gizonezkoek baino %24 baino gutxiago kobratzen dute. Asmatu dugu, baina ez genekiena EAEn ere maila horretan gabiltzala. Asko dago oraindik gure artean hobetzeko. Aurrera goaz. Hurrengo galdera.
Laugarrena. Telefono mugikor batek duen preziotik zenbat jasotzen dute hori ekoitzi dutenak? Seguru gutxi dela. %1a jarriko dugu, baina beharbada pasatu gara. Bada, ez. Asmatu dugu. Pasada bat da. Informazio osagarrian telefonoa ekoizteko beharrezkoa den koltanaren %80 Kongoko Errepublika Demokratikotik datorrela azaltzen digute. Mundua gaizki dago baina lehiaketa honetan ongi goaz gu.
Bosgarrena. Zenbat emakumek irabazi dute Oscar saria zuzendari bezala. Gutxi izan behar dira. Bat jarriko dugu edo gutxiegi izango da? Ez, hau ere asmatu dugu. 91 urtez ospatu badira ere, emakume bakar batek irabazi du zuzendari bezala Oscar saria. Kathrynn Ann Bigelow izan zen, 2010ean.
Zenbat planeta beharko genituzke EAEren kontsumo maila munduan zehar hedatuta egongo balitz? Zer dute komunean Vandana Shiva, Rigoberta Menchu eta Clara Campoamor? Beste galdera batzuk erantzuten goaz.
Azkenean, hirutan baino ez dugu kale egin. Zazpi bat izan da, beraz, gure nota eta, ondorioz, hontza gara. Begi handiak ditugu eta inguruan gertatzen dena ikusteko gai garela esaten digute. Ez dago gaizki, baina badugu zer ikasi ere.
Lehiaketa honetan saria eta guzti eskuratzeko aukera dago. Helbide elektronikoa ematen diegu eta merkataritza justuko produktuekin osaturiko bost saskiren zozketan sartu gara. Ea tokatzen zaigun.