INFO

Akarregi Txiki, zailtasun guztien gainetik etorkizunari begira

Getariako Akarregi Txiki txakolindegiarentzat ere azken urtea ez da samurra izan; iazko txakolin guztia saltzeko komeriak izan dituzte, eta berria merkaturatzen orain hasi dira, bi hilabete beranduago. Hala ere, aurtengo urtea «salbatzeko» itxaropena dute; hori bai, beldurra gainetik kendu ezinik.

Iker Eizmendi eta Lurdes Zubizarreta, Getarian duten txakolindegiko mahastian.

Akarregi Txiki txakolindegia Getariatik Meaga gainera doan errepidearen ondoan dago, mendeetan zehar mahatsa landatu den eskualdearen erdi-erdian. Upategi txikia da, 1989an Akerregi eta Lasalde txakolindegiak elkartu zirenean sortua, eta gaur egun dagoeneko hirugarren belaunaldia ari da bertan lanean, Iker Eizmendi eta Lander Garrastazu gazteen eskutik.

Pandemia egoerari nola aurre egiten ari diren jakiteko, Iker eta bere ama Lurdes Zubizarretarekin elkartu gara. Iazko urtea oso gogorra izan zela gogoratzen dute. «Konfinamendu garaian, bost aste oso-oso pasa genituen botila bakar bat ere saldu gabe eta desesperatzen hasi ginen», esan du Lurdesek. «Mahastiko langileek lanean jarraitu behar zuten; aseguru eta gastu guztiak hor zeuden, baina ez genuen inongo diru-sarrerarik. Egoera hain larria zen, mailegu bat ere eskatu behar izan genuela».

Egoerari aurre egiteko, etxez etxeko salmentari ekin zioten, sare sozialak astinduz eta bidalketa gastuak dohainik eskainiz, eta emaitzak laster jaso zituzten. «Konfinamenduaren ondoren, badirudi jendeak txakolina edateko gogoa zuela, eta momentu bat izan zen, hainbesteko eskaera ikusita, sinistu ere ezin genuela egin».

Ostalaritzako salmentak asko jaitsi badira ere, denda eta supermerkatuetako salmentei eustea lortu dute. Hori bai, aurreko urteetan uztaren salmenta urtarrilean bukatzen bazuten ere, aurten gehiago kostatu zaie eta martxoan bukatu dute.
Une honetan 2020ko uzta saltzen hasiak dira. Ikerrek dioenez, «normalean San Anton inguruan hasten gara berriarekin, baina aurten, beranduago hasi gara, esan bezala, martxoa arte ez dugulako bukatu iazkoa».

Ostalaritzaren egoerak oso zaila izaten jarraitzen duenez, Akarregi Txikiko arduradunak beldurra gainetik kendu ezinik daude. «Momentu honetan lanean ari gara, baina beldurrez. Herri gehienak gorrian daude, ostalaritza kili-kolo dabil, eta gure banatzaileek kontu handiarekin hartzen dizkigute botilak», diote ama-semeek.

Beren helburua, «aurtengo urtea salbatzea da, besterik ez. Aurtengo bagenuen proiekturen bat, baina bertan behera utzi behar izan dugu. Inbertsiorik ezin dugu egin eta gastuak ahalik eta txikienak izaten saiatzen ari gara».

Esportazioak

Upategi honetan 17 hektarea mahasti lantzen dituzte, 140.000 litro inguru ekoizteko. Bi mahats barietate bakarrik erabiltzen dituzte –hondarrabi zuria eta beltza– hiru txakolin mota egiteko: Akarregi Txiki eta Lasalde zuriak eta Akarregi Txiki gorria. Azken hau mahats zuri eta beltzetik ateratako muztioa nahastuz lortzen dute, eta Lasalde berezia, berriz, gutxienez bost hilabetez bere ligen gainean ondutako txakolina da.

Txakolin gorria ia guzti-guztia –produkzioaren %10– esportaziora bideratzen dute; batez ere, AEBetara eta Kanadara, han asko estimatzen dutelako. «Hemen ez dago ohiturarik gorria eskatzeko. Upategira etortzen direnek eramaten dute botilaren bat, baina tabernetan ez dago ohiturarik», esan dute.

Akarregi Txikiko arduradunek gazte jendearengan jarria dute  itxaropena. «Lehen txakolina adin bateko jendearen gauza zen, eta gizonezkoena. Orain berriz, gazte kuadrilla asko etortzen zaizkigu, mutilak eta neskak, eta ardoaren munduari garrantzi handiagoa ematen hasita daude», esan du Lurdesek.

Etxez etxeko salmentari esker ere konturatu dira eskaerak gazte jendeak egiten dituela, eta horrek itxaropena ematen die. «Pandemiak zerbait ona ekarri badu horixe da, gazteak interesatzen eta gure lana baloratzen hasi direla».