INFO

Bizkaiko Txakolinaren salmentak %30 jaitsi dira

Pandemia egoerak zuzenean baldintzatu ditu Bizkaiko Txakolinaren salmentak. Jose Luis Gomez Querejetak, Kontseilu Arautzaileko presidenteak azaldu duenez, txakolinari irteera emateko beste bide batzuk indartu diren arren, ez dituzte taberna eta jatetxeen egoerak eragindako diru galerak konpondu.


Kontseilu Arautzaileko presidenteak %30ean kokatu du salmenten jaitsiera, eta 2021eko aurreikuspenak are okerragoak direla gaineratu du, gaur egun bizi dugun egoera aldatzen ez bada. «Bizkaiko upeltegiak larri daude, eta hurrengo mahats-bilketara irailean iritsiko dira, biltegiak beteta eta uzta berriarekin lan egiteko lekurik gabe», azaldu du.


Horri aurre egiteko, erakundeen babesa eskatu du. «Ezin diogu uko egin administrazioari bere inplikazio irmoa eskatzeari, bai laguntza zuzenen bidez, bai sektoreari laguntzeko neurriak bultzatuz», adierazi du.

2020ko uzta aurreko urtekoa baino zertxobait handiagoa izan da, guztira 2.352.862 kilo mahats bildu baitira; hau da, hektarea bakoitzeko 6.000 kilo inguru. Uzta horrekin 1.557.344 litro txakolin egin dira Bizkaian.