INFO

Iruñerriko mugimendu sozialak «M1 soziala» ekimena aurkeztu du, sindikatuetatik haratago

Iruñerriko mugimendu sozialeko 20 talde baino gehiagok «M1 soziala» ekimena aurkeztu dute datorren maiatzaren 1erako. Ekimenaren asmoa egun hori sindikalismotik haratago birpentsatzea da, eta elkarteek manifestazio bat antolatu dute data horretako arratsaldean.

Iruñerriko mugimendu sozialeko hainbat kidek «M1 soziala» ekimena aurkeztu dute. (M1 Soziala Iruñerria)

Iruñerriko mugimendu sozialak, 20 talde baino gehiagok ordezkatuta, «M1 soziala» ekimena aurkeztu du ostiral honetan, eta datorren larunbaterako, maiatzak 1, manifestazioa antolatu du.

«Denbora daramagu Iruñerriko mugimendu sozialeko hainbat kide, sindikalismotik haratagoko Maiatzaren 1 bat irudikatzen. Langileon beharrak lehentasun gisa kokatzen dituenak eta klase bezala ditugun bestelako aldarrikapenak azaleratuko dituena; esaterako etxebizitzarako eskubidea, zaintza sistema integrala eta doakoa edota gure lurra txikitzen dituzten makroproiektuei bideratutako diru publikoa benetan beharrezkoak diren inbertsioetan gastatzea, adibidez osasun publikoaren defentsan. Egoera zaurgarrienetan dauden kolektiboak aipamen berezia izango dute gurean ere; gazteak, emakumezkoak eta pertsona migratu eta arrazializatuak», azaldu dute ohar batean.

Bestalde, azpimarratu dute beste ideia bat elkarlana eta indarrak batzearena dela. Horrela, maiatzaren bat sozialeko leloa «nadie se queda atrás, elkarrekin aurrera» izango da. «Borroka hau batera aurrera eramatea ezinbestekotzat jotzen dugu», adierazi dute. Horrela maiatzaren 1ean 17.30ean Baluartetik aterako den manifestaziora batzea eskatu diote gizarteari.

Momentuz, ekimen honen atzean 22 kolektibo daude: PAH, GPA, Nafarroako Neska Gazteak, M8ko iruñerriko plataforma, Zabaldi, iruñerriko Bilgune feminista, AHT- gelditu elkarlana, Pentsionistak martxan, Gazte Komunistak, BDZ Nafarroa, SOS Arrazakeria, Rebeldía navarra, Ernai, Estudiantes en movimiento, IKAMA, REAS, Plataforma Navarra de Salud, Martes al Sol, Oneka, Ekologistak martxan, Asamblea de Soberanía Alimentaria de Navarra - Nafarroako Elikadura Burujabetza eta mugarik gabe Nafarroa. ESK, LAB, CGT eta Steilas sindikatuen babesarekin.