INFO

Ondare digitala babestu behar dugula ohartu al gara?

Joko txiki bat proposatuko dizuegu: euskarazko kultura edukiak eskaintzen dituzten zenbat webgune edo atari ezagutu eta erabiltzen dituzuen galdetuko bagenizue, zer erantzungo zenukete? Armiarma webgunearen 20. urteurrenean, ondare digital hori nola bermatu jarri dute aztergai.

Hainbat ataritako ordezkariak, Tabakaleran egindako lan-saioan. (Gorka RUBIO / FOKU)

Pandemiak, zurrunbilo baten pare, arlo guztiak mugiarazi ditu. Eragin dituen korronteak mugiarazita, gainazalera atera dira bakoitzaren ahulgune, indargune, behar eta ahalmenak. Kultura industriei eta sortzaileei dagokienez, eraldaketa digitala erabat bizkortu zen iaz. Behin betiko, iraganaren eta geroaren arteko marra marraztu da, iraultza teknologikoan abiada bizian sartuta baikaude... baina honek ertz asko ditu, Internetek kultura- eta informazio-desberdintasunak areagotutako mundu batera iristeko arriskua eragin dezakeelako. Galdera ugari piztu dira, hausnarketaren beharra hauspotzen dutenak; izan ere, aurrerantzean nola egin aurre berrikuntzaren eta eraldaketaren erronkei? Eta nola egin, Goliatek planetan sakabanatuta dauden David horiek zapal ez ditzan? Goliat, esaterako, kultura uniformizatzailea hedatzen duten plataforma pribatuak izan daitezke; eta David, hizkuntza minorizatuak.

Armiarma literatura web atariak badu eskarmentua honetan. Hogei urte bete ditu aurten, eta beteranotasunak eta mila aldiz egindako guduak ematen dion ikuspegiarekin, hausnarketarako bide horretan ari da. Horren adibide, Donostiako Tabakaleran joan den ostegunean deituriko lan-bilera; bertan, Bingen Zupiria Kultura sailburuak euskarazko edukiak sortzen dituzten zenbait web orrialderen egileen proposamenak, beharrak eta iradokizunak jaso zituen. Ez ziren bertan egon sarean aurki daitezkeen guztiak, baina erradiografia antzeko bat egiteko zantzu batzuk baino gehiago eman zituzten... eta, kultura-ekoizpen guztiekin gertatzen den legez, egoera ez da goxoa: «Produktu gehienak amildegiaren ertzean daude», laburbildu zuen Mikel Elorza Armiarako.eus-eko ordezkariak. Kontsumitzaileen ohiturak, lege oztopoak, finantzaketa bermatzeko arazoak... Goliat eta David, elkarri tiraka. Goliaten kolpe sendo baten eraginez, kultura-edukiak sareetatik desagertzen direnean, ondare hori nora joaten da?

Euskal komunitate digitala

Gaur egun, Puntueus domeinua du “bizileku” sareko euskal komunitate digitalaren zati handi batek. Euskara beste hizkuntzen mailan kokatzeko sortutako domeinuak gure hizkuntzaren normalizazioan laguntzea eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzea du helburu. Hor barnean kokatzen dira kultura-edukiak sortzen dituzten atariak, baita GARA eta NAIZ bezalako komunikabideak, mota desberdinetako enpresak... Abiadura digital honen adierazle, datu hau: 2021-2023 plan estrategikoa onartu du Puntueus Fundazioaren patronatuak, domeinuaren zabalkundea indartzeko asmoz. Helburua, euskararen lurralde digitalean nagusi bihurtzea.

Finantzaketa iturriak lortzea da atari txikien buruko min handiena. «Proiektuak norberaren borondatearen esku daude, eta hau larria da. Pertsonak nekatzen badira, proiektuak eten egingo dira eta penagarria da ondare hori galtzea. Desagertu egingo da, hil egingo da. Sutea egon gabe, webgunea erortzen da, eta kito?», esan du Ritxi Lizartzak, Zinea.eus atariaren sortzaileak. Estreinaldien, kritiken, deialdien, blogen eta jaialdien berri ematen dute. «Intuizioak abiatuta», askotan bakardadetik, eta zaletasunak bultzatuta, sortu zuten ataria 2014an eta zazpi urte hauetan euskaraz egindako 750 filmen inguruko informazioa bildu dute. Hala ere, euskal zinema zertara mugatzen den debateak ertz asko ditu, zeren, esaterako, Alex de la Iglesiak egindako filmek hor sartuta egon beharko lukete?

Zinea.eus-en zinema-industriaren funtzionamenduarekin topo egiten dute, batzuen eta besteen ikuspuntuak ez datozelako bat: industria ez dago filmen jabetza intelektuala “askatzearen” alde, ez hemen ez inon. Estreinatu eta bost-sei urteren buruan, filmaren bide komertziala behin agortuta, “Handia” bezalako film bat sarean eskuragarri izateko baimena izatea planteatzen du, esaterako, Lizartzak. Merkatuaren logikan, ordea, zaila da.

Euskal dantza dokumentatu eta sustatzen duen Dantza.eus atariak badaki zer den dirulaguntzarik gabe ito eta desagertzeko zorian egotea. Hori gertatu zitzaion 2012an: langileak kaleratu behar izan zituen arren, inguruan sortutako mugimenduari esker lortu du Internetetik ez desagertzea. Bestalde, jabetza intelek- tualarekin eta bisitari digitalen ohiturekin egiten du talka Badok.eus atariak.

2009an sortu zen, “Berria” egunkariaren babesean eta dirulaguntza publikoarekin, euskal musikaren katalogazio eta biltegi izateko xedez. Azpiegitura txikia du, pertsona bakarrekoa egun. 2014an, euskal musikaren erakusleiho bihurtzeko pausoa eman zuen, informazio zabala jarri zuelarik eskuragarri webgunean: datu baseak, agenda, musika entzuteko loturak... Streaming plataformak ia menderakaitzak suertatzen ari zaizkie mota honetako atariei. Esaterako, talde baten musika entzuteko nora joko zenukete, plataformara zuzenean edo euskal musika biltzen duen atari batera? «Agian espektatiba handiegiekin egin genuen, zaila baita jendearen ohiturak aldatzea», aitortu du Jon Eskisabelek.

Marie Andree Oueret Baionako Mediatekako langilea Bilketa.eus atariaren kudeatzailea da. Bilketa.eus «Estatu frantsesean erroldatutako euskal funtsen ataria da» eta atarira lotutako erakunde, zentro edo funtsen ondarea eskuragarri jartzen diete bertatik bisitariei. Atariaren etorkizuna nola ikusten duen galdetuta, erantzun zuzena eman du Ouretek: «Ez dakit». Oso esanguratsua da atari honen egoera, mota honetako askorena bezala, bere diru sarrera bakarra publikoa delako, horrek dakarrenarekin. Hamar urteren buruan, Baionako mediatekan fisikoki errotutako proiektu hau kolokan dagoela dirudi, bi langiletik bakarra gelditu delako. Dirulaguntza publikoarekin sustatu izan da urte hauetan, baina orain arte Parisetik jasotzen zuena desagerturik, funts digital honen etorkizuna arduradun politikoen esku gelditu da.

Armiarma: Literaturaren sarea

2001eko martxoaren 24an Zarauzko liburutegian aurkeztu zen proiektu xumetik gaur egunera arte egindako jauziaren erretratua begiztatzeko Armiarma.eus web orrialdeari so egitea besterik ez dago. Hasieran literatura aldizkariak digitalizatu zituzten; gero, komunikabideetan argitaratutako kritikak... eta hura handitzen joan zitzaion Susa argitaletxeari. Eta gero hau pentsatu zuten: literaturazaleei, astero, e-mail batean, informazioa bidaliko baliete? Ekitaldiak, efemerideak, argitaratu diren nobedadeak? Horrela sortu ziren Literatura Emailuak; hain justu, joan den ostegunean 1.000.era iritsi ziren. Erabilgarria oso, informazio eguneratuz osatua, hamarkada hauetan gehitu zaion atal desberdinekin, Armiarma.eus ezinbesteko euskarria bihurtu da irakurleentzat, hezkuntza munduarentzat, baita komunikabideetako profesionalentzat ere. Euskarara ekarritako liburuen izenburuak non aurki daitezke? Armiarma.eus-en, noski.

«Nolabait liburutegi nazional digital baten beharra dago. Leku bat, zeina egunero, urteko 366 egunetan eta 24 orduz, munduko euskaldun guztientzat zabalik egongo den», adierazi du Patxi Gaztelumendik. Eta hori da, hain justu, Armiarma.eus. Urte hauetan euskal kulturan sortu den «ekosistema» propiorako ezinbestekoa bihurtu den tresna Susa argitaletxeari esker mantendu da, bertatik egiten den lanagatik eta inguruan sortu duen sareagatik; hau da, «motibatuta» daudenei esker; izan ere, Mikel Elorzak dioenez, «nekatuko balira, ez legoke ataririk».

Sektorea murgilduta dagoen paradigma-aldaketa honetan –Susako egileek, esaterako, beraien liburua osorik jartzen dute sarean; eta honek ez omen du kalterik eragiten salmentetan; hor da Amets Arzalluzen “Miñan”–, mundu digital paraleloak garrantzi handia du. «Badugu kezka bat eta da sareko proiektuak nola laguntzen diren. Uste dugu ereduan behar direla aldaketak. Orain laguntzen dira proiektu berriak, baina guretzat oso garrantzitsua da proiektuak ez erortzea eta mantentzea. Gogoeta hori egin nahi dugu, ezagutu ditugulako hogei urte hauetan sortu diren proiektu eder asko eta, domeinuak desagertu direnean, eduki horiek galdu dira, proiektu askorenak», esan du Gaztelumendik.