INFO

«Borrokak egiten gaitu libre», esan du Aizpuruak Gorostidiren 15. urtemugan

Ezker abertzaleak ez du ahaztu Jokin Gorostidik utzi zuen guztia eta igande honetan, zendu zen egunetik hamabost urte betetzen direnean, bere ahalegina eta gainerako borrokalariena omendu nahi izan du. Bere jaioterrian izan da, Tolosan.

Itziar Aizpurua, ekitaldian. (@aurrerabolie)

Orain dela hamabost urte hil zen Jokin Gorostidi Artola ezker abertzaleko militantea, eta Tolosan gogoan izan dituzte bera eta gainerako borrokalari guztiak igande honetan, Sortuk Topic-en egindako ekitaldi xume baten bitartez.

Bertan parte hartu du, nola ez, bere emazte, bidelagun eta borroka kide Itziar Aizpuruak. Elkarrekin egindako bidea honela laburbildu du: «Jokin eta biok borrokan elkartu eta ezagutu ginen. Edertasuna bizi izan dugu, eta noski, borrokak egin gaitu libre. Askeak sentitu gara, eta era berean, ahalegindu gara Euskal Herria askatzen. Borrokak batera askatzen baitu herria eta norbera. Herriaren alde egiten den heinean, norbera askatzen doa. Gainera, harro sentitzen da norbera eta libre bizitzen da norbera. Ez dago gauza handiagorik: borrokak egiten gaitu libre».

Gazteei zuzendu zaie Aizpurua, jarraian: «Euskal Herriaren izaera denon artean ekarri dugu gaur arte. Herri izaera denok egin dugu; gure gurasoek, guk ondoren, eta gazteok gure ondoren». Konpromiso politikoaren aldeko aldarria luzatu du azkenik, 1970eko auzia erreferentziatzat hartuz: «Jokinek Burgosen zioen bezala, ‘prest nago asumitu behar den guztia asumitzeko, eta gehitzen diot, baita behar den guztia emateko ere’».

Preso eta borrokalari guzti-guztiei aitortza egin zaie ekitaldi honetan, «Jokin Gorostidi berarekin batera herri honen askapen prozesuari ekarpena egin dioten ehunka tolosar gogoan. Herri gisa bizitza erdigunean jarri zutelako gaude bizirik», nabarmendu du Sortuk.