INFO

Deustuk eta Santurtzik urrezko dominak irabazi dituzte Espainiako Batel Txapelketan

Euskal ontzien nagusitasuna argi geratu da asteburuan Galizian jokatu den Espainiako Batel Txapelketan. Maila nagusiko urrezko dominak aste bete lehenago Euskadiko txapeldun irten ziren bizkaitarrentzat izan dira, eta guztira bederatzi domina irabazi dituzte euskal ordezkariek.

Santurtziko espedizioa, sari banaketaren ostean (ITSASOKO AMA)

Euskadiko Txapelketan gertatu bezalaxe, Deustu emakumezkoetan eta Santurtzi gizonezkoetan izan dira ontzirik indartsuenak Espainiako Batel Txapelketan jokatu diren maila nagusiko estropadetan. Txapelketa horiek asteburuan jokatu dira Meira-Moañan eta guztira 78 ontzik hartu dute parte.

Euskal ontzien erakustaldi argiena gizonezkoen maila magusiko finalean iritsi zen. Bertan, Santurtzik Euskadiko Txapelketan lortutako garaipenari jarraipena eman zion eta urrezko domina moreentzat izan zen. Santurtziarrek 8:56.22ko denbora egin zuten eta bigarren izan zen Zierbenari 5,55 segundoko abantaila atera zioten. Hirugarren postua Samertolameu etxeko taldearentzat izan zen, “galipoengandik” oso gertu: bi ehuneneko tartea besterik ez zen izan zilarra eta brontzearen artean.

Santurtziko batela osatu zuten arraunlariak hauexek: David Duran, Ander Zabala, David Iglesias eta Fernando Rua, Eneko Gonzalez patroi zutela. Zierbenakoak: Raul Garcia, Iker Pascual, Juan Zunzunegui eta Carlos Palazuelos, Aitor Lazkano patroi zutela.

Emakumezkoen finalari dagokionez, Deustuk golkoratu zuen urrezko domina. Bizkaitarrek 10:09.95eko denbora markatu zuten helmugan eta 1,09 segundoko alde estuarekin menderatu zuten Astillero. Hirugarren postua Chapelarentzat izan zen eta Pasai Donibane, bosgarren izan arren, brontzezko dominatik 1,26 segundora bakarrik geratu zen. Deustun arraun egin zutenak: Maria Lopez, Marina Cosci, Ane Hernandez eta Irati Perez de Nanclares, Denise Perez patroi zutela.

Gazte mailetan, kadete mutilen finala aipatu behar da bereziki, hor ere euskal ontziek bi domina eskuratu zituztelako. Urrea Oriorentzat izan zen (7:06.58) eta brontzea Deusturentzat (7:10.47), bien artean Chapela (7:09.59) sartu zelarik. Talde irabazlea osatu zutenak: Ugaitz Astigarraga, Ohian Ferrer, Oier Ikatzeta eta Enaitz Iruretagoiena, Oihan Manterola patroi zela.

Euskaldunen beste urrea Oriok jubenil nesketan lortutakoa (10:27.28, Chapela eta Rianxo menderatuz) izan zen: Uxue Eizagirre, Nagore Iturralde, Uxue Korta eta Arene Lacoste, Saioa Sayago patroi lanetan.

Eta beste dominak Tolosaldeak infantil mutiletan (Rianxo txapeldun) eta Pasai Donibanek kadete nesketan (Mecos txapeldun 37 ehunenekogatik) lortutako zilarrak, eta Oriok jubenil mutiletan lortutako brontzea (Bueu eta Murosen atzetik) izan ziren.