INFO

Emakume kazetarien %73ak jazarpena pairatu du sareetan, Unescoren arabera

Prentsa Askatasunaren Munduko Eguna dela eta topaketak egingo dira apirilaren 29tik aurrera Windhoeken, Namibiako hiriburan. Horren harira argitaratutako ikerketa batean, Emakume kazetarien %73ak bere lanarekin lotutako sareko jazarpena jasan duela adierazi du Unescok.

Emakume kazetariek pairatzen duten jazarpena ikertu dute. (UNESCO)

Emakume kazetarien %73ak bere lanarekin lotutako lineako jazarpena jasan du noizbait, Unescok prentsa askatasunaren Munduko Konferentzia dela eta zabaldu duen ikerketa baten arabera. «Sareko indarkeria, askotan eraso misogino koordinatu gisa, gorroto hizkuntzatik indarkeria sexualaren edo fisikoaren mehatxuetara doa», salatu du erakundeak ohar batean. Ikerketa osoa hilaren 30ean argitaratuko du.

Aurreratu dutenez, konferentzian, covid-19aren krisiarekin lotuta adierazpen askatasunaren aurka jasan dituzten 400 urraketei aurre egiteko neurriak hartzea eskatuko diete gobernuei.

Kazetaritzan askatasunez jardutearen aurkako azpijoko horien artean daude informazioa eskuratzeko eta pandemiako datuak eskuratzeko mugak, bai eta ustezko albiste faltsuen aurkako gehiegizko erregulazioak ere. «Izan ere, batzuetan, kontrolerako gogoa gainditzen dute, eta, azkenean, informaziorako eskubideari kalte egiten diote», adierazi dute.

Prentsa Askatasunaren Munduko Eguna dela eta egingo den topaketa Windhoek hirian izango da, Namibiako hiriburuan, apirilaren 29tik maiatzaren 3ra, eta 40 saio eta 250 adituk baino gehiagok hartuko dute parte. Besteak beste, Joseph Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunak.

Halaber, Agnes Callamard Amnistia Internazionaleko idazkari nagusia, Miranda Johnson ‘The Economist’ egunkariko editore exekutiboa eta Irene Khan Nazio Batuen Erakundeko Adierazpen Askatasunerako arduradun berezia ere bertan izango dira.

Konferentzian jorratuko diren gai nagusiak komunikabideen bideragarritasun ekonomikoa, lineako plataformen gardentasuna eta ikusleen artean hezkuntza mediatikoa eta informatiboa indartzeko moduak izango dira.