INFO

Covid-19ak areagotutako laneko segurtasun falta salatu dute Lakuaren aurrean

Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzea egin du Lakuako Gobernuaren aurrean, bihar Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta. Oinarrizko zerbitzuak publifikatzea eta osasun eta hezkuntza sistemaren behin-behinekotasun «neurrigabearekin» amaitzea aldarrikatu dute.

ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuen elkarretaratzea Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean. (ELA)

Apirilaren 28a Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta ehunka langile bildu dira astearte honetan Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean, Gasteizen, iaz lan istripuetan hildako 70 lagunak gogoratzeko eta lan baldintzak salatzeko. Berez, bihar da Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna, eta Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 11.30ean egingo dituzte elkarretaratzeak. Baina Araban asteazkenean San Prudentzio eguna denez, mobilizazioa aurretatu egin dute.

«Sistema honek hil eta gaixotu egiten gaitu» lelopean egin dute elkarretaratzea. Pandemiak laneko segurtasun falta areagotu duela salatu dute, eta bereziki «lehen lerroan eta kutsatzeko arrisku handian» jarraitzen duten pertsonak, «gehienak emakumeak», aintzat hartu dituzte, «horietako asko behar bezalako babes neurririk gabe daudelako».

Halaber, 2020ko urritik 2021eko urtarrilera bitartean EAEn izandako covid-19 agerraldien %70 baino gehiago lan arloan gertatu direla salatu dute. Zentzu horretan, erakundeek pandemia garaian egindako «kudeaketa negargarria» arbuiatu dute.

«Birusarekin bizitzeko estrategia patronalarekin batera diseinatu zen jarduera ekonomikoari eusteko, kutsatzeak eta heriotzak areagotu arren», adierazi dute sindikatuak.

Egoera horri amaiera emateko, «oinarrizko zerbitzuak publifikatzea eta osasun eta hezkuntza sistemaren behin-behinekotasun neurrigabearekin amaitzea» beharrezkoa dela nabarmendu dute, eta «putre funtsak eta zaintza sistemarekin negozioa egiteko edozein joera» salatu dituzte.