Ikusgarritasuna eta prestigioa, euskal kulturak Nafarroan dituen erronketako bi, aztergai
Maiatzaren 28an, Atarrabian, eta uztailaren 1ean, Leitzan, euskal kulturak Nafarroan dituen erronken inguruko jardunaldiak egindo dituzte. Bertan, «ikusgarritasuna eta prestigioaren beharra» edo kultura beraren eta lurraldearen arteko lotura landuko dituze.
Nafarroan euskal kulturak dituen erronkak aztertuko dituzte ‘Hari izpia hartzen’ jardunaldietan. Iazko urtarrilean Iruñean egin zituztenen jarraipena izango dira maiatzaren 28an Atarrabian eta uztailaren 1ean Leitzan eginen dituzten topaketa hauek.
Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea, Jose Mari Sos elkar fundazioko kidea, Castillo Suarez, Jon Abril, Elhuyar Fundazioko ordezkaria, eta Izaskun Barberena, Karrikiri elkarteko dinamizatzailea izan dira aurkezpenean.
«Kulturaren transmisioan dagoen etena, eskaintza iristarazteko zailtasunak, entitate eta instituzioen elkartasun eza edo euskal kultura agendatik kanpo egotea» landuko dira jardunaldi horietan, Oteizak azaldu duenez. «Aurrera begirako lan ildoak finkatuko dira, euskal kulturaren transmisioa bermatzeko eta hizkuntz politika eraginkorrak abiatzeko», gehitu du.
Sosek nabarmendu duenez, «iazko arrakasta ikusita», 100 lagun baino gehiago bildu zirenean, orduko gaietatik «tira eginez» egingo da lan aurten. Atarrabiako hitzorduan euskal kulturaren ikusgarritasuna eta prestigioa izango dira ardatz. «Gurea bezalako hizkuntza gutxituek gero eta zailtasun gehiago dute mundu globalizatuan. Eskaintza erraldoien aurrean, euskararen tamainako kultur eskaintza egitea ez da samurra. Ur tanta bat da ozeano erraldoian», adierazi du. Horregatik «euskara bere eremuan kalitatezkoa izatearen beharra» nabarmendu du.
Eskaintzak «maila baduela» argi utzi nahi izan du, «baina kultura gutxituak izateak, askotan, bigarren mailakoa» bihurtzen duela gaitzetsi. Horri aurre egiteko «ikusgarritasuna» lortzea lehenetsi du.
Leitzako zitan, berriz, kultura eta lurraldearen arteko lotura landuko da, nola egin kultura lurralde baten garapenerako elementu. «Globalizazioa gelditzeko etorri da eta bertan euskal kulturari bere lekua eman behar diogu», adierazi du Sosek.
Castillo Suarezek jardunaldien nondik norakoaren xehetasun batzuk eman ditu. Atarrabiako jardunaldiei Oskia Ugartek, Uharteko Arte Garaikideko Zentroko zuzendarietako batek, emanen die hasiera. «Prestigioaz aritzeko eskatu diogu. Oso hitz malgua eta tranpaz betetakoa da, hainbat bide daudelako hori lortzeko eta genero, gizarte maila edo hizkuntza arrakalak gurutzatzen dute prestigio hori lortzeko bidea».
Ostean, Iratxe Retolaz euskal kultura arautzearen inguruan ariko da. «Gogoeta batekin hasiko du hitzaldia, kultur esperientziek, produktuek laguntzen dutela komunitate bat eratzen eta barne mundua elikatzen. Nola egin bide horiek euskal kulturatik egiteko, euskarazko sormenetatik?», iradoki du Suarezek.
Jon Abrilek gidatutako gogoeta baten ostean, azken saioa, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Oihana Iguaran eta Eli Pagolak eskainiko dute. Publiko berria lortzeko egin duten lanari buruz hausnartzeko aukera izanen da.
Leitzako saioari dagokionez, aldiz, kultura eta lurraldearen arteko harremanaz ariko dira. Lorea Agirre, Jakin fundazioko kidea, euskal kulturak zeri erantzuten dion edo kultura horretako kide izateak zein abantaila eta zein muga dituen galderei erantzuten saiatuko da.
Arantxa Santesteban eta Marc Badalek, hurrenez hurren, Iruñerriko ikuspegia eta landa eremukoa jorratuko dituzte. «Kultura eta gure munduaren arteko harremana. Kulturaren dimentsio ezberdinez ariko dira».
Erreferentziak eta esperientziak
Jon Abrilek, bere aldetik, iazko jardunaldietan ateratako ideiak nola jorratuko dituzten azaldu du. Bertan ondorioztatu zuten euskal kulturak «ikusgarritasuna eta prestigioa» lortu behar zuela. Eta horiek lortzeko bideak landuko dituzte aurtengo ekimenetan.
«Eskuragarri izan behar du. Erreferentziak, esperientziak, eremu digitalera eta erdaldunei gerturatu beharra dugu», adierazi du. Zentzu berean, prestigio hori lortzeko «sormena nola baliatu» ere aztertuko dute.
Jardunaldietan parte-hartzeko aurretik izena eman beharra dago, ekimenerako prestatu duten webgunean. Atarrabiako jardunaldiak bertako kultur etxean eginen dituzte eta izen ematea maiatzaren 14a baino lehen egin beharra dago. Leitzakoa, berriz, herri aretoan eginen dute eta ekainak 28a baino lehen egin behar da izen ematea.