INFO

Langileak lantokietan «inpunitate osoz» hil eta eritzen direla nabarmendu dute sindikatuek

Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, langileek kaleak hartu dituzte Bilbo, Donostia eta Iruñean, sindikatuen gehiengoak deituta, «Sistema honek gaixotu eta hiltzen gaitu» leloarekin. Azken urteotan beharginen osasunak okerrera egin duela ohartarazi dute.

This browser does not support the video element.


Lan osasuneko politikak errotik aldatzeko garaia dela aldarrikatu dute euskal sindikatuen gehiengoak deitutako mobilizazioetan. Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna da asteazken hau eta Iruñea, Donostia eta Bilbon egin dituzte manifestazioak. Gasteizen asteartean egin zuten, gaur jai eguna izaki. «Herri honetan inpunitate osoz hil daitekeen leku bakarra dago: lantokiak», azpimarratu du, adibidez, Xabier Ugartemendia LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak Bizkaiko hiriburuan. 

Nafarroakoan, LAB, ELA, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGTk osatutako lan istripuen aurkako ekintza taldeak «zero tolerantzia» aldarrikatu du ezbehar hauen aitzinean.

«Sistema honek gaixotu eta hiltzen gaitu» zioen pankartari eutsita egin dute Nafarroako Enpresa Konfederazioaren egoitzatik Parlamentura arteko bidea.

Bertan, Andoni Larralde ELAko Osasun Saileko kideak Osasunbideko, adinekoen egoitzetako, etxez etxeko zerbitzuetako zein garbiketako langileei babesa adierazi die, «berrogeialdiko txaloak lan baldintza duin bilakatzeko» lanean ari direlako Azken urte honetan Nafarroako lanean ari zirela hil edo eritu diren pertsonak ere izan ditu gogoan.

Salatu duenez, herrialde honetan bada patronal bat Prebentzio Legea betetzen duela dioena, baina «urtero milioi bat eurotik goiti ordaintzen ditu zigorretan ez betetzeagatik eta istripu hilgarri eta larrien %40 segurtasun neurriak ez betetzeagatik gertatzen dira».

Manifestazio berean, Imanol Karrera LAB-Nafarroako idazkari nagusiak ohartarazi du urte hauetan guztietan langileen osasunak okerrera egin duela, administrazioen «murrizketen» eta «prebentzioan dagoen kontrol faltaren» ondorioz. «Eta hori baldintza tamalgarrietan ari diren langileek ordaintzen dute; emakumeek, gazteek eta etorkinek», azpimarratu du. Ez patronalak eta ez Nafarroako Gobernuak ez dutela langileen osasuna lehentasuntzat hartzen kritikatzean bat etorri da ELAko ordezkariarekin.

«Zero covid»

Iruñean, Donostian eta Bilbon, bezperan Gasteizen egin bezala, lan erreformak bertan behera uzteko eskatu dute sindikatuek, baita segurtasuna zaintzeko baliabide publikoak gehitzeko ere. Instituzioak, «patronalarekin elkar hartuta», izurritea «oso gaizki» kudeatzen ari direla-eta kexu agertu dira. Oroitu dutenez, birusarekin batera bizitzeko estrategia patronalarekin adostu zuten, «oinarrizkoa ez den aktibitate ekonomikoa berriz abiatzea eta mantentzea erabaki» zutenean, «kutsatze eta heriotzek gora egin arren».

Mobilizazioetan irakurri duten agirian diotenez, oraindik ez dakite zenbat lagun hil diren koronabirusa lantokian harrapatu dutelako. Hala ere, gardentasun falta hori gorabehera, 2020ko urria eta 2021eko urtarrila bitartean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gertatutako positibo kasuen igoeren %70 baino gehiago lan ingurunean gertatu direla jakin dela nabarmendu dute.

Horregatik, «zero covid» estrategia aldarrikatu dute ELA, LAB, ESK, EHNE eta Hiruk. Ikerketa lanetara bideratutako bitartekoak Europar Batasuneko batez bestekoaren parekoak izatea eta administrazio publikoak «behingoz sistema produktiboan osasunean eta lanean autoritatea» izatea exijitu dute.